euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

National Geographic aldizkariak erreportajea eskaini dio Euskal Herriko sagardo tradizioari bere azken zenbakian

2021/05/19

Erreportaia eman du aste honetan argitara National Geograpic-ek Euskal Herriko sagardo tradizioa ardatz hartuta
Erreportaia eman du aste honetan argitara National Geograpic-ek Euskal Herriko sagardo tradizioa ardatz hartuta

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. National Geographic aldizkariak erreportaje polita eskaini dio Euskal Herriko sagardotegiei eta sagardo tradizioari atzo ingelesez kaleratu zuen edizioan eta gaur, berriz, gaztelaniazkoan. Basque Country’s cider houses keep an ancient history alive du izena ingelesezkoak eta gaztelaniazkoak Las sidrerías del País Vasco mantienen viva una historia antigua. Bietan izenburua bera du eta euskarazko itzulpena, hauxe: "Euskal Herriko sagardotegiek antzinako tradizio bati eusten diote".

Honela hasten da Annelise Jolley kazetari gastronomiazalea sinatzaile duen idazlana: "Munduan beste edozein hirik baino Michelin izar gehiagoz, Donostia Espainiako erdigune gastronomikoa da, eta seguruenik baita mundukoa ere. Eta mundua ohartu da. Azken urteotan, hiriko pintxo (tapen euskal bertsioa) taberna famatuak ikaragarri ezagunak bilakatu dira turisten artean. Bertako gastronomia birak saiatzen dira Alde Zaharretik aldentzen, kale estuak dituen auzunea goraino betetzen baita arratsaldero momentu jakinetan. Baina Donostiako gastronomia ondareak erakargarri zaharrago eta indartsuago bat biltzen du: sagardoa".

Erreportaiak sagardoaren historia gainbegiratzen du, erromatarren aurreko erroak dituela bertan baitetsiz eta sagardotegiak (sic) sagardoaz gozatzeko lekurik egokiena direla iragarriz, pintxo ibilbideen alternatiba ere izan daitezkeela aipatuz. Ameriketara kupela sagardoz beteak joaten ziren euskal ontziak, sagardotegi menua, txotx sasoia eta Estatu Batuetan topa daitezkeen euskal estiloko sagardotegi batzuk ere --Euskal Herria bisitatu, sagardoaz liluratu eta proposamena hara eramanda-- erreportaiako parte dira. Baita erreferentziatxo bat gure diasporari, Boiseko Oinkari dantza taldeko gazteek urtero Euskal Herriko moduan eta euskal sagardoz antolatzen duten sagardotegia ere aipatzen baitu.

Ez du Argentinan egindako euskal sagardoa aipatzen, baina hori beste kontu bat da.

Erreportaia argazki ederrez hornituta dator.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia