euskal diaspora eta kultura
2008/10/06
PUBLIZITATEA
Santiago, Galizia. 'Hurbil' lanarekin irabazi du Natalia Colombo argentinarrak I. Nazioarteko Compostela Saria. Orotara 300 obratik gora aurkeztu ziren, herrialde askotakoak. Epaimahaiak azaldu duenez 'Hurbil'-en “ezin hobeki lotuak daude” kontakizuna eta irudiak, “irudiek ere hitz egiten baitute, isuriz bezala, bilakatuz”. Sariak 12.000 euro dauzka itsatsita.
Lan saritua komunikazio faltari buruzko alegia bat da, pertsonen arteko harremanei, indibidualismoari, desirei eta zirrarei buruzko gogoeta poetiko sakona. Ikuspuntu literariotik, kontakizunaren soiltasuna eta barne-lotura dira nabarmenak, protagonisten ekintzen paralelotasuna erakusten baita: ahate bat eta untxi bat, nor bere bakardadean sarturik bizi direnak. Obrak gonbit garbia egiten dio irakurleari: gainerako pertsonei bizkarrik ez emateko, “bizitzaren une soilen baina zoriontsuenak beste batzuekin batera bizitzeko aukera ez galtzeko”, idazleak berak adierazten duen bezala.
Ikuspuntu estetikotik, Natalia Colombok hainbat teknika erabiltzen ditu lan honetan: margo akrilikoak, collage-a eta tipografia berezia. Bistarako baliabide zenbait ere erabiltzen ditu, mugimenduaren eta simetriaren kontzeptuekin jostatzeko, inola ere ahantzi gabe kolore, ehundura, eta materialen nahasketa. Horrekin guztiarekin Natalia Colombok bere estilo eta izaera berezia eman dizkio lanari.
Natalia Colombo Buenos Airesen jaio zen, 1971an. Buenos Airesko Arkitektura, Diseinu eta Hirigintza Fakultatean egin zituen ikasketak, eta Buenos Airesen bertan bizi da. La Nación egunkarirako egiten du lan, gehigarrietako irudiak egiten, eta erakusketetan ere hartzen du parte. Hainbat haur testu-liburu eta albumetako irudiak ditu eginak.
Lan honi buruzko informazio gehiago www.kalandraka.com.
Natalia Colomboren blog-a: http://nataliacolombo.blogspot.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus