euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Napoka Iria euskal taldeak kontzertua emango du Polonian, Poznango "República Femenina" jaialdian

2012/10/10

Napoka Iria taldeko kideak, Miren Narbaiza eta Ander Mujika
Napoka Iria taldeko kideak, Miren Narbaiza eta Ander Mujika

PUBLIZITATEA

Larunbatean abiatuko da Poznanen "República Femenina" (sic) izeneko jaialdiaren hirugarren edizioa, eta hiriak hainbat lantegi, hitzaldi eta kontzertu hartuko ditu hilaren 21a bitartean. Aurtengo egitarauan Euskal Herriak leku zabala izango du, Katalunia, Andaluzia eta Mexikorekin batera. Hilaren 16ean Napoka Iria bikoteak kontzertua emango eta 18an Amaia Donés Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko euskara irakurleak “Euskal kultura emakumeen ikuspuntutik” hitzaldia eskainiko du.

Poznan, Polonia. Iberiar Penintsulako eta Latinoamerikako emakumeei eskainitako jaia da Poznaneko  Republica Femenina festibala, eta aurtengoa hirugarren edizioa izango da jada. Hiri poloniarreko Sfera Hizkuntzen eta Kulturen Fundazioak antolatzen du jaia, eta aurten Euskal Herriko, Kataluniako, Andaluziako eta Mexikoko kulturak izango dira protagonista.

Amaia Donés euskara irakurleak EuskalKultura.com-i agertu dionez "antolatzaileak beti saiatu dira euskal kulturak bere lekua izan dezan festibalean". Aurten, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, Napoka Iria bikoteak kontzertua eskainiko du urriaren 16an Zamek Kulturgunean. Horrez gain, Amaia Donések “Euskal kultura emakumeen ikuspuntutik” hitzaldia emango du hilaren 18an. Bestalde, festibaleko lehiaketa baten sarietako bat Kontu-Kontari, Opowiadania Baskijskie euskal ipuin liburua izango da, Adam Mickiewicz Unibertsitateko ikasleek polonierara itzulia (2011n argitaratu zen).

Fundacja Sfera 2009an Poznanen sortutako elkartea da, eta Iberiar Penintsulako eta Latinoamerikako kulturak eta hizkuntzak Polonian ezagutzera ematea du helburu. Beraien ekimenetako bat, hain zuzen, "República Femenina" jaialdia da. Festibalean herrialde hauetako emakumeei hitza ematen zaie, bai zinema proiekzioen bidez, zein tailer, hitzaldi, kontzertu eta antzezlanen bidez. Jaialdia umeei, unibertsitate ikasleei eta orokorrean, interesa duen edonori zuzendua dago, eta herrialde hauetako kultura aniztasunaren ispilu da.

-2012ko "Republica Femenina" jaialdiaren egitaraua, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia