euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nancy Zubiri: “Gustatzen zait pentsatzea belaunaldi berriak euren jatorriarekiko jakinmina izaten laguntzen ditugula”

2014/10/21

Aita aldudarraren alaba den Nancy Zubiri, Euskal Herrira egindako bidaia batean (argazkia, Nancy Zubiri)
Aita aldudarraren alaba den Nancy Zubiri, Euskal Herrira egindako bidaia batean (argazkia, Nancy Zubiri)

PUBLIZITATEA

Kazetaritza ikasi nahi zuen baina, Berkley-n honelakorik eskaintzen ez zutela-eta, Zientzia Politikoak ikasi zituen Nancy Zubirik. Irakasle lanetan dihardu orain, Venice High School institutuan, baina ez dio muzin egin bere kazetari senari eta Euskalkazeta.com webguneko editore eta idazle nagusia da. Nahiko lukeena baino denbora gutxiago eskaini ahal dio bere pasioari San Frantziskoko (Kalifornia) kazetariak: “Denbora gehiago eman nahiko nuke webgunean lanean. Tartetxo bat dudanean, asko gozatzen dut horretan lan eginez. Euskal komunitateei buruz idatzi eta informatzea izugarri gustatzen zait”, adierazi dio Euskalkultura.com-i.

Ander Egiluz Beramendi / Venice, AEB. Unibertsitate ikasketak bukatuta “egunkari txikietan” hasi zen lanean Zubiri, berak esan legez. Eta ekinaren ekinez The Oakland Tribune-n idaztera ailegatu zen. Bertan lanean zegoela, A travel guide to Basque America (University of Nevada Press) idazteko beka jaso zuen. 1998an argitaratu zuen Ameriketako euskal diasporari buruzko lan eder hori eta best-seller bihurtu zen denbora gutxira. Gauzak horrela, bigarren edizio baterako informazioa eguneratzeko eskatu zion argitaratzaileak 2004an eta, handik bi urtera, argia ikusi zuen lan berriztatuak. Horren ostean, bildu zuen informazio guztiarekin zerbait egin behar zuela-eta, 2009an sortu zuen Euskalkazeta.com. Erabat berriztatu berri du informazio ataria.

-Aurpegi berria erakutsi zuen Euskal Kazeta-k duela gutxi. Une egokia zen?

-Edozein une da egoki baldin eta aurreko diseinua ez bada erabilgarria, eta geurea ez zen erabilgarria. Gainera, konbentzio batean batere garestia ez zen webgune honi buruz egin zidaten berba eta horrek ere une egokia bihurtu zuen hauxe.

-Zer esan dizute irakurleek?

-Diseinu berriari buruzko komentario askorik ez dut jaso, egia esan. Artikuluen gainean jasotzen ditut iruzkinak batzuetan, baina ezta lar ere.

-Irakurlearekin harremana izatea oso garrantzitsua da webguneentzat. Zelan egiten duzu zuk hori?

-Jendeari ez zaio gustatzen izena webgune batean jartzea artikulu baten gainean iritzia emateko. Batzuk egiten dute, baina feedback gehiena Facebook bidez jasotzen dut; asko laguntzen nau horrek eta norabidea markatzen laguntzen dit.

-Nola, bada?

-Iaz, adibidez, Chinora joan nintzen edadeko euskal emigranteen omenezko afari batera eta, amaieran, omenduen talde argazki bat egin nuen. Facebook-era igo eta ehundik gora atsegin dut izan nituen. Harritu ninduen horrek, ez baitzen albiste bat, argazki bat baino ez zen. Baina argi dago jendeari gustatzen zaiola ezagunen argazkiak ikustea. Horrelako kontu gehiago egiten saiatzen naiz orain.

-Zer motatako irakurleak dituzu?

-Gehienak Estatu Batuetakoak dira. Hurrengo irakurle talde handiena Ingalaterrakoa da, eta zentzua dauka horrek webgunea ingelesez dagoelako eta badakidalako han ere euskal jatorria duten asko bizi direla. Hirugarren taldea Espainian dago. Gehientsuak, gainera, gazteak dira. Logikoa da hori, internet gehiago darabiltelako beraiek.

-Euskal etxe batzuek arduraz begiratzen diote etorkizunari, ez baitaude ziur belaunaldi berriek ohiturak mantenduko dituzten. Uste duzu, webgunearekin,  jatorriarekiko jakinmina izaten laguntzen dituzula gazteak?

-Hori nahiko nuke pentsatu. Denbora asko ematen dut agenda prestatzen, AEBetako euskal etxeek antolatzen dituzten kontu gehienak jartzen ditut bertan. Helburu ere badut euskal komunitateekin harreman larregirik ez duten horiek ekintza horietara animatzea. Webguneko orririk gustukoenetarikoa da hau baina lan handia eskatzen du.

-Zer dute irakurleek gustukoen?

-Geure orririk bisitatuena euskal errezetena da. Jende asko heltzen da geure webgunera hori bilatuta Google-n. Basque recipes (euskal errezetak) bilatzen baduzu Google-n, agertzen den lehen orria da geurea, 80 eta 180 bisita ditugu egunero orri horregatik bakarrik. Nire senarraren ideia izan zen eta oso harro gaude orri horrekin.

-Lantzean behin beste kazetari batzuk idatzitako artikuluak argitaratzen dira Euskal Kazetan. Kolaboratzaile finkoak dituzu?

-Urtetan zehar ezagutu izan dudan jendea da Euskal Kazetan publikatzen duena, batzuetan nik eskatzen dizkiet artikuluak eta beste hainbatetan beraiek aurkezten dute beren burua. Neure senarrak ere, Robert Lopez-ek, LA Times-eko kazetari ohiak, asko lagundu dit. Urtetan izan dut bera kolaboratzaile nagusia eta lankidetzat ere hartzen dut webgunean.

-Webguneek diseinua aldatzen duten askotan berritasunak aurkezten dituzte ere. Ba al duzu zerbait buruan?

-Egia esanda ez oraintxe bertan. Orain dudan helburu nagusia da artikulu gehiago idazteko denbora topatzea. Lanegun osoa bete nezake Euskal Kazetarekin gauza nahiko gertatzen baita euskal komunitatean. Baina ezin dut eta frustrazio puntu bat sentitzen dut. Lan egin behar dut, eta familia eta etxea ere baditut.

-Nondik ateratzen duzu idazteko denbora, orduan?

-Ez dakit. Inspiratuta sentitzen naiz batzuetan eta egin barik uzten ditut beste gauza guztiak (barre egin du). Lan handia da, baina merezi du.

Euskal Kazetako albisteak e-postan, doan, jasotzeko, emaila idatzi egiozu Nancy Zubiriri: info@euskalkazeta.com.
‘A travel guide to Basque America’ liburua hemen eros dezakezu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia