Tokyo, Japonia. Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ eleberriaren japonierarako itzulpena, Nami Kanekok euskaratik egina eta Etxepare Euskal Institutuak diruz babestua, Japoniako Itzulpen Onenaren Sariko bost finalisten artean dago. Shinchoshak argitaletxeak 2020an japonieraz argitaratutako liburuak oso harrera ona jaso du Japoniako orain arte irakurle eta kritikarien artean. Hainbat egunkari eta aldizkaritan agertu dira kritikak eta liburu-dendetan bost izarreko balorazioa lortzen ari da, adierazi du Etxepare Euskal Institutuak plazaratutako ohar batean.
Lehenago ere, 2016an, Kirmen Uriberen ‘Mussche’ eleberriaren itzulpena egiteagatik irabazi zuen sari preziatu hau Nami Kanekok.
Epaimahaiak maiatzaren 18an jakinaraziko du emaitza. Hasierako hautagaiak hemezortzi liburu izan ziren: irakurleen boto gehien irabazitako hamahiru liburu, gehi beste bost, itzultzailek osatutako epaimahai batek gomendatuta. Hemezortzi horien artean hauek dira finalerako hautatuak:
- ´Soinujolearen semea´, Bernardo Atxagak idatzia, Nami Kaneko-k itzulia
- ´An inventory of losses´, Judith Schalansky-k idatzia, Naoko Hosoi-k itzulia
- ´Born in 1984´, Hao Jingfang-ek idatzia, Chuo Koron-ek itzulia
- ´Friday Black´, Nana Kwame Adjei-Brenya-k idatzia, Motoko Oshino-k itzulia
- ´Murderbot Diaries´, Martha Wells-ek idatzia, Naoya Nakahara-k itzulia