Montevi. 1950eko hamarkadan Montevideon finkatutako Alex --ofizialki Alejandra-- Tejeria Amunarriz larrauldarraren heriotzak oihartzuna izan du hiriburu uruguaitarreko euskal giroetan, joan den mende erditik hona bertako euskal bizitzako parte eta eragile izan baita 87 urte zituela osasunez makal ibili ondoren otsailaren 22an hil den emakume energiadun hau. David Bengoa mungiarraren alarguna, Uruguain euskal ibilbide aberatseko den Maite Bengoa Tejeriaren ama zen.
Aurretik Euskaro eta Euskal Erria Euskal Etxeetako partaide, duela hiru hamarkada pasexe Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko fundatzaile taldekoa izan zen eta bertako kide segitu du, kide eta barne sostengatzaile taldeko partaide sendoa. Haize Hegoa bere etxean jaio zen eta euskal elkarte honen egoitzak hala segitu du hogeita hamar urtez, euskal etxe honen egoitza eta lokalak berak utzitakoak baitziren.
Haize Hegoako bere lagunek bidali dizkigute, hain zuzen, segidako lerro hauek, lagun joanari azken agurra emanez:
Alex-ek, honela deitzen baikenuen guztiok, azken uneraino agertu du bere izaera sendo, gotor eta zuzena, itzulingururik gabea alegia. Egin eta eginarazten zuen. Ordena lehenetsia zen bere etxean eta halaxe hazi zuen Maite, alaba, eta halaxe gobernatzen gintuen bere etxeko lanetan inguruan geneuzkanak.
(Alexen aldeko elizkizunak joan den larunbatean egin ziren Larraul bere sorterrian)
Larrauldik (Gipuzkoa) heldu zenetik, gogor lan egin zuen, bere aitaren baserrian, Larrolan, hazi zuten bezala.
Bakarrik etorri zen, puska gutxirekin, egoera zail bati ihes eginez, bi gerra jasan zituelarik, bat bere lurrean eta beste bat gaizki "mundu-gerra" deitzen zutena.
Familia luzea utzi zuen bere etorreragatik penatuta, baina agindutako lur honetan hobekiago joango zitzaiola komentziturik.
Zeuzkan ezagutza, bizipen eta eskarmentua isuri zituen gustukoen zuen lekuan, etxean, bertara iritsi eta entzun nahi zutenei, jangelako mahaiaren inguruan, baso bat etxeko ardo eskuan eta eguneko ogia partekatzen, txorizo mutur, gazta edo eguerditik edo aurreko egunetik geratutako arrain puska batekin. Bere solas atsegin eta argiak, bizitutakoa azalduz eta Euskal Herriko lekukotasuna emanez ereingarria izan zen hainbatentzat, lehenik xurgatu eta ondotik hedatzeko.
Montevideoko hiru euskal etxeetako partaide izan zen, beti ere atzean utzitakoa euskal lagunekin gogoratu eta biziarazteko bazkidetua.
Alaba bakarra izan zuen, baina asko dira bestela ere seme-alaba eta biloba gisa zeuzkanak, egun Haize Hegoaren familia zabala osatzen duen jendea, bere etxean kultura elkarbanatuz haziak, bere garajea, bere sotoa, bere ardo eta kontserbak euskaltasunaren erritmoan mugiturik.
Etxekoandrea joan da... Zurezko goilara Maite alabari pasatu dio, ziur jakinik ohoratuko duela!
Alex-en ahotsa, bere begirada eta hatz erakusle kontrolatzailea txokoko ekitaldi guztietan segituko dute airean...
Bizitzako lagun izan zuen David Bengoarekin bilduko da berriro, elkarrekin eztabaidatuko dute, euskaraz batek bizkaieraz eta besteak gipuzkeraz ongi ulertzen ez dutela...
Goian bego!!