euskal diaspora eta kultura
2010/05/27
PUBLIZITATEA
General Villegas, Argentina. "Galera izugarria izan da euskal etxearentzat zein euskal gizataldearentzat oro har. Elsa beti egon da hor, euskal etxearen haste-hastetik, izan ere aktiboki hartu zuen parte elkartearen sorreran eta geroztik antolatu izan ditugun ekimen guztietan", adierazi diote EuskalKultura.com-i Villegasko Euskaldunak Euskal Etxetik. Bertako euskal komunitateko zenbait jenderi galdeginik, bat etorri dira guztiak emakume honek egin zuen lana azpimarratzerakoan, beti ere euskal etxearen eta euskaldunen alde, euskaldunen presentzia areagotu, euren eragina bizkortu eta komunitatearen baitan zeukaten pisua indartuz. "Aipatu besterik ez dago, gure dantzarien arropa guztiak berak egindakoak direla, 'izebak' alegia, hala deitzen baigenion", aitortzen du bere aldetik Nekane Olazar, Gral Villegasko euskal irratsaioko arduradun eta esatari denak. "Faltan botako dugu" izan da ezagutu zuten guztien komentario zabalduena.
[General Villegasko Elsa Alzuri bere biloba Lorearekin jolasean]
Elsa Lucia Alzuri 1940ko urriaren 12an jaio zen La Pampa probintzian, bere aita zelai amaigabeetan puestero gisa lanean ari zela. Horregatik, dio familiakoen kontaketak, Matias Alzuri, Nafarroako Bortzirietako Arantzan sortutako euskaldun peto harek hiru hilabete geroago baizik ez zuen joan ahal zeukan herririk gertuenera eta jaiotzaren erregistroa egin.
Hamabi urte zituela bere aita auto istripu batean hil zen eta horrek marka aldenduezina utzi zion: aitaren sorterriari buruzko istorio behin eta berriro kontatuek Arantzaren izen eta izanera inguratu zuten, Bortzirietara, bere familiara eta batez ere umezurtz gelditu zirenean galdu zuten anaia gazteenaz, Argentinarako bidean.
Bizitza osoan saiatu zen 'galdutako osabaren' bila, Matias Alzurik eta haren anaia Juanek bilaketa hori sekula bukatu gabe utzi baitzuten. Valentin Castillo Arocenarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten. Gazteena 18 urte zituela izandako istripu batean hil zen, eta senarrak hiru urte geroago jarraitu zion.
Une hartan, duela ia hamar urte, General Villegas hiriak euskal etxea euki zezan aritu zen lanean gogor. Zuen gogo biziak euskara ikastera bultzatu zuen eta bere kasa euskal janari mota prestatzen ikasi zuen, mahaiburukoak batez ere. Pauso horrek euskal gastronomiarako begiak zabaldu zizkion euskal etxeko hainbati, tartean pantxinetak, esne frijitua, euskal pastiza... afari sozialetan zein euskal etxeko beste kide batekin ematen zituen tailerretan.
Urte batzuk geroago, kointzidentziaz, eta inguruko euskal etxe bat medio, galduta zegoen osaba haren semea deskubritu zuen, 90 urteko bilaketaren zirkulua itxiz. Hurrengo urtean, eta familiak biltzeko programa baten bidez, berak bazirenik ere jakin ez zekiela, Gipuzkoan bizi ziren ahaide batzuekiko harremana (berr)eskuratu zuen. Horraino iritsita, bere aitaren sorterrira bidaiatzea baino ez zitzaion falta. Baina ezin izan du, bere bihotza indarrik gabe gelditu baitzen hainbeste borrokatu eta gero, 2010eko maiatzaren 23an.
Bere hiru seme-alabei euskal eta argentinar lurra maitatzen irakatsi zien, bi herrialdeotako tradizioak maitatzen, bere gurasoek berarekin egin bezala, eta bilobei familiaren alde emandako bizi oso baten etsenplua utzi zien opari.
Goian Bego, Elsa Alzuri, 'izena Elsa'.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus