euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nagore Goitiandia eta Vasco Bilbao dira "Euskadi eta Amerika arteko Aliantzak Ezartzeko Lidergo Programa"ko bi AEB partaideak

2016/10/31

Vasco Bilbao, Nagore Goitiandia Gernikako Arbola bisitatzen Gloria Totoricagüenarekin
Vasco Bilbao, Nagore Goitiandia Gernikako Arbola bisitatzen Gloria Totoricagüenarekin

PUBLIZITATEA

Boiseko Nagore Goitiandia eta New Yorkeko Vasco Bilbao dira Bizkaitik kudeatzen den "Euskadi eta Amerika arteko Aliantzak Ezartzeko Lidergo Programa"ren lehenengo edizioko bigarren modalitateko bi parte-hartzaile estatubatuarrak. “Programa honek Bizkaia eta Amerikako Estatu Batuak/Kanada arteko errealitate enpresarial, zientifiko, teknologiko, instituzional eta kulturalari buruzko jakintzaren plataforma garatu nahi du”, Bizkaiatalenteko zuzendari gerente den Ivan Jimenezek baieztatu duenez.

Bilbao, Bizkaia. Bizkaiatalent-ek ohar batean kaleratutakoaren arabera, programaren lehenengo edizio honetan parte hartutako bi iparramerikarrek gogobeterik eta era emankorrean amaitu dute euren egonaldia Euskal Herrian. Ekimena butzatzen duen Bizkaiatalent, Bizkaiko Foru Aldundiko Garapen Ekonomiko Departamentuak sustatutako irabazteko asmoik gabeko erakunde bat da, pertsona trebatuak Bizkaira eta Euskadira erakartzeko, ezagutza eta berrikuntza planen barruan.

Programa iaz Boiseko Euskal Kulturarako Cenarrusa Fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker garatu ahal izan da. Hain zuzen ere, Estatu Batuetako Idaho inguruan egindako misioan sinatu zen, eta, bertan, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, eta Bizkaiatalenteko zuzendari gerenteak, Euskadi eta Amerika arteko Aliantzak Ezartzeko Lidergoaren Programa (Leadership Program for Building Basque American Partnerships 2016) aurkeztu zuten.

Urriko lehenengo hamabostaldian, Vasco Bilbao, Arteetako lizentziaduna, eta Nagore Goitiandia, gobernu erakundeentzako irabazi-asmorik gabeko eragiketa finantzarioetako aditua, izan dira bi parte-hartzaile amerikarrak, eta zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan dituzte zenbait erakunde; tartean Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Merkataritza Ganbera, Europako Batzordea eta Espainiako Diputatuen Kongresua, besteak beste.

Horrez gain, urriaren 2an iritsi zirenetik, beste erakunde eta zentro batzuk ere ezagutu ahal izan dituzte; hala nola Azti, Kutxabank, euskal unibertsitateak, Basque Culinary Center, Guggenheim, eta Euskadiko sare industrial zein teknologikoko erreferentziako beste leku batzuk.

Euskadin egon diren bitartean, parte-hartzaileek solaskide izan dituzte baita ere iritzi-liderrak, ordezkari politikoak eta erabakiak hartzeko orduan enpresen zein elkarteen munduan funtsezkoak diren pertsonak. Izan ere, programa honen helburua ere bada parte-hartzaileen erkidegoa sortzea, jakintza, ideiak zein jarduera egokiak trukatzeko eta bi lurraldeen arteko harreman ekonomiko, kultural, zientifiko eta instituzionalak ezartzeko.

“Laster, Leadership Programako lehenengo modalitatean parte hartzen duten Euskadiko lau profesionalak Estatu Batuetara joango dira, eta zenbait leku eta zentro interesgarri bisitatuko dituzte banakako bileren eta agenden bitartez. Hartara, Euskadi eta Amerika arteko lankidetzarako hitzarmenak eta proiektuak garatu ahal izango dituzte bertan egongo diren 21 egunetan”, amaitu du Jimenezek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia