euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroatik Kaliforniara emigratutako Ramón Ylarreguik saldu berri du 1980an sortu zuen Basque Company enpresa arrakastatsua

2015/04/13

Ramon eta Michael Ylarregui aita-semeak, Basque Company-ko sortzailek eta jabe ohiak (Argazkia: Basque Company)
Ramon eta Michael Ylarregui aita-semeak, Basque Company-ko sortzailek eta jabe ohiak (Argazkia: Basque Company)

PUBLIZITATEA

Ylarregui familiak Basque Company saltsa enpresa saldu dio Julio López enpresari mexikar-amerikarrari. 1980an sortutako konpainiaren salmentaren akordioaren nondik norakoak publikoak ez badira ere, Ramon sortzaileak adierazi dio EuskalKultura.com-i “diru dezentegatik” saldu duela. Konpainiaren produktuak ohiko dendetan erosi ahal izango dira eta, bitartean, bizitza berri bati ekingo diote Ramonek eta Michael semeak, konpainiako jabeak orain arte: aita erretiratu egingo da, eta entrenatzaile pertsonal moduan arituko da semea. Enpresa kudeatzeko iritzi desberdinak egon daitezke salmentaren atzean.

Madera, AEB. Julio López da Basque Company-ren errezeta sekretuen jabe berria. Hilean, AEBetako 48 estatuetan barrena, 15.000 botila saltzea lortu zituen errezeten jabea, hain zuzen. Bi saltsa mota merkaturatzen ditu enpresak: okelarekin erabiltzeko bata, eta arrainentzako bestea. Hirugarren saltsa bat sortu zuen Michaelek, hau ere saltzeko asmotan, baina ez zuen aita komentzitzea lortu.

“Marketingaren ikuspuntutik, zenbat eta produktu gehiago izan supermerkatuan orduan eta hobeto –dio enpresa eta marketingean diploma duen Michaelek−. Horregatik nahi nuen nik beste norbait izan saltsak egiten, geu salmentara dedikatzeko”. Baina Ramonek azken hogeita hamar urte luzeetan bezala kudeatu nahi zuen enpresa.

“Bi edo hiru pertsonek egiten genuen lan konpainian –adierazi du sortzaileak, artzain ohien berbakera zehazgabearekin−; inork ez zuen errezeta ezagutzen. Ez zait gauza hauei buruz hitz egitea gustatzen, jendeak kopiatu egiten zaituelako gero. Zenbat eta gutxiago hitz egin, hobe. Frakak jaitsi baino lehenago galtzontziloak lapurtzen dizkizute hemen”.

Beste enpresari desberdin batek erosi dien fabrikak 100 m2 zituen. “Enpresa txikia zen gurea, baina handi baten moduan egiten zuen lan”, esan du Ramonek. Eta bere aburuz, zailagoa litzateke gaur egunean Basque Company sortzea, “lehen denda gehienak sendi batenak zirelako, eta errazagoa zelako haiekin hitz egin eta akordioetara heltzea”. Normalean, hainbat botila eramaten zituen denda batean saltzeko eta, hainbat egunen buruan itzuli egiten zen, saldu ez ziren botilak jasotzeko. “Baina inoiz ez nuen hori egin behar izan; botila guztiak saltzen nituen beti”.

Ramonen lan egiteko moduaren beste ezaugarri ezohikoetako bat da sekula ere ez zuela krediturik eskatu. “Zenbat eta gehiago eskatu orduan eta gehiago gastatzen duzu; gurpil zoroa da hori”, adierazi du. “Txakur txiki bat ere ez diot nik inori zor”.

Ez da erraza Ramon bezalako enpresariak topatzea egun, baina ez da bere metodoa duen ezaugarririk azpimarragarriena, “dituen imajinazio eta jakinmina” baizik, Michael semearen berbatan. “Jakinmin izugarria du; eta nahiz eta orain zaharragoa den, oraindik dauka gauza berriak probatzera bultzatzen duen ezaugarri hori”. Horren jakitun ere bada Ramo bera: “Imajinazio ikaragarria dut nik, inork ez bezalakoa, eta horrela sortu nuen herrialdeko saltsarik onena”. Handikeria hauteman dakioke esaldi horri, baina 25 urterekin eta “erdi hutsik zegoen maleta batekin” herrialde berri batera heldu zen immigrante batek esanda, ulergarriagoa da.

Nafarroatik Kaliforniara

Itsason, Nafarroan, jaio zen Ramon Ylarregui, 1930ean. Handik gutxira, Kaliforniara joan zen Miguel osaba, artzain, eta hark komentzitu zuen Ramon bidaia luzea egiteko. 1955. urtean heldu zen Kaliforniara gazte nafarra, “erdi hutsik zegon maleta batekin baino ez”, esan du. “Hizkuntza ere ez nuen ezagutzen”.

Ameriketara ailegatu zenetik, Kalifornian bizi izan da Ramon, Fresno inguruan beti. Bost urtez ibili zen ardiekin lanean, harik eta bizkarreko arazo bat izan zuen arte: “Ebakuntza egin behar izan zidaten eta harrezkero ezin izan nuen artzain legez lan gehiagorik egin”. Kamioi bat erosi eta alpapa eramaten hasi zen, herriz-herri; imajinazioa, baina, beti gelditu barik: “Basque Company sortu baino lehenago futbolinaren patentea erostea pentsatu nuen, Ameriketarako, baina bazeuden alemaniar batzuk lanean horretan”.

Duen sormen handiari tiraka, eta amerikarrei artxoa asko gustatzen zaiela jakitun, saltsa berri bat sortu zuen: “Desberdina, onena, kalitatezko osagaiekin egina”. “Ez da merkea, baina produktu onak saltzen errazak dira”. Argi uzten du botiletan irakur daitekeen leloa: “Proba nazazu, gustatuko zaitut”.

Ramonek, orain, 85 urterekin, uste dut AEBetan “obsesio moduko bat dagoela haztearekin, neurri gabe haztearekin”. “Lehertu egingo du honek”, dio. Espero dezagun etorkizuna baikorragoa izatea eta Basque Company-k, urte luzez, saltsak saltzen jarraitzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia