euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako Euskara Zerbitzuek haurrentzako album ilustratuen lehiaketa jarri dute abian; 6.000 euro saritan

2008/06/16

Aurtengo Etxepare Beken irabazleen aurkezpen ekitaldia
Aurtengo Etxepare Beken irabazleen aurkezpen ekitaldia

PUBLIZITATEA

Etxepare Beka deritzon deialdiaren III. edizioa jarri dute abian Nafarroako udaletako Euskara Zerbitzuek, aurtengo edizioko irabazleen izenak jakinaraztearekin batera. Beka honen bidez album irabazlearen egileak 6.000 eurotako saria jasoko du eta Pamiela argitaletxeak plazaratuko dio lana euskaraz (‘Faktoria K de libros’ argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz). Lanak bidaltzeko epea azaroaren 28an bukatzen da. Aurten irabazleak Jose Antonio Ormazabal Berastegi idazlea eta Iraia Okina Salazar ilustratzailea izan dira, ‘Zirkua amets’ lanarekin.

Burlata, Nafarroa. Nafarroako udaletako Euskara Zerbitzuek haurrei zuzenduriko lan ilustratuen III. Etxepare beka deitu berri dute. Deialdi berri honetarako lanak aurkezteko epea azaroaren 28an, arratsaldeko 3etan, bukatuko da eta lanak Burlatako udaletxean aurkeztu beharko dituzte interesatuek (Burlatako Udaletxea- Euskara Zerbitzua, Larrañeta plaza, 31600, Burlata, Nafarroa). Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute eta irudi eta testu osagarrien bitartez istorio bat kontatuko dute.

Lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldeek parte hartu dezakete. Lanak Din A-4 neurrikoak edo proportzio berekoak izan beharko dute, beti ere Din A-4 baino txikiagoak izan gabe. Testuak lerro-arte bikoitza utzita idatziko dira eta ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Ilustrazioak orrialde bikoitzekoak izanen dira eta gehienez 12.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bidali e-maila hona.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia