euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako presidentak doluminak eman dizkio familiari Gregorio Lizarberen heriotzagatik

2013/01/28

Yolanda Barcina Nafarroako presidentak Gregorio Lizarberen familiari helarazi dion dolumin-gutuna
Yolanda Barcina Nafarroako presidentak Gregorio Lizarberen familiari helarazi dion dolumin-gutuna

PUBLIZITATEA

Urtarrilaren 13an hil zen Uruguain Gregorio Lizarbe, 81 urterekin. Gaztetan heldua zen Argentinako Rosario hirira eta bertan harro agertu zuen nafar nortasuna, Rosarioko Nafar Etxeko presidente eta diruzain izanik, besteak beste. Eginahal honetan egin zuen lan eskerga dela eta pertsona oso maitatua izan zen. Isabel Rodriguezekin ezkondua, hiru seme-alabaren aita zen: Marisa, Silvia eta Fernando, azken hau Rosarioko euskal etxeko kide eta buruzagi ezaguna. Heriotzaren berri izan bezain azkar, Nafarroako presidente Yolanda Barcinak doluminak agertu dizkio familiari gutun baten bitartez. Gogoan Bego.

Rosario, Argentina. Gregorio Lizarbe Valentziako Ador herrian jaio zen, aita nafarra zuela, eta 18 urterekin heldu zen Argentinako Rosario hirira. Anaia bat, Fernando izenekoa, frankistek fusilatu zuten Gasteizen, "Menos Franco, más pan blanco" idazteagatik. Ahizpa, Felisa Lizarbe, Valentzian bizi da, eta familiak senitartekoak ditu Nafarroan ere.

Rosarion Isabel Rodriguezekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten: Marisa, Silvia eta Fernando. Rosarioko Nafar Etxeko kide egin ziren Gregorio eta bere aita (Gregorio izenekoa ere, Andosillan jaioa). Zendu berriak lan eskerga egin zuen bizitza osoan aurten mendeurrena betetzen duen erakunde honen alde, eta elkarteko idazkari eta lehendakaria ere izan zen, besteak beste. 

Lizarbe sarri bueltatu zen Nafarroara, eta harro zegoen bidaia horietako batean San Fermineko entzierroan parte hartu izanaz. Nafar Etxean itzal handia utzi du, Argentinan nafar nortasuna bizirik mantentzeko egin zuen lan gogoangarriagatik.

Fernando semearen hitzetan "gizaseme batek izan ditzakeen ezaugarririk preziatuenak zituen: apaltasuna, zintzotasuna, kemena eta lan egiteko gogo bizia. Horiek guztiek gurekin jarraituko dute, bere hutsunea zinez nabaritu arren". 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia