Valentzia hiria. Nafarroako Parlamentuak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hogei bat bazkidek eman zioten harrera Ainhoa Aznarez nafar parlamentuburuari elkartearen egoitzara hurildu zenean. Aznarezek harrera eskertu eta indarra transmititu nahi izan zien, "lanean segi dezazuen gure herriarekiko eta kulturarekiko loturei eusten".
Bertako presidenteak, Alberto Artieda Jaca etxarriarrak, bisita eskertu eta esker oneko hitzak izan zituen nafar legebiltzaburuarentzat ganberan daramaten irekiera eta eredu-aldaketagatik, "Nafarroa eraikitzeko beste ikuspuntu bat sustatzeagatik", esan zuen, Parlamentuko iturriek adierazi dutenez.
Ainhoa Aznarezek ere, bere hitzetan, liferenteen artean elkar ulertzearen garrantzia azpimarratu zuen, "horrek garai aldaketa ekarri baitu, elkarrekin hitz egitearen emaitza legez", azaldu zuen.
Bertaratu zirenen artean, elkartea duela ia 70 urte sortu zuten aitzindarietako bat ere aipa daiteke, Mari Paz Irigoyen Irungaray baztandarra. Esan zuenez, elkartea peña moduan abiatu zen 1948an eta berehala, 1950ean, elkarte izatera pasatuko zen.
Urte hauetan zehar Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako buruzagien bisita jaso izan dutela kontatu zuen.
Laurak Bateko idazkari Mikel Etxeberria Navarro donostiarra, bere aldetik, pozik agertu zen azken urteotan Nafarroko eta EAEko kultura Valentzian berriz ere iratzartzen ari den interesagatik. "Aurten hamalau bazkide berri inguratu zaizkigu, euskara eskolak ematen ditugu, mus txapelketak antolatzen... eta berehala, apirilean, esaterako, Korrika ere ospatuko dugu, dantzari eta aizkolariekin...", komentatu zuen.
Etxeberriak nabarmendu zuen elkarteak bilgune eta batzarleku gisa betetzen duen funtzio garrantzitsua, "guztiok sentiarazten baikaitu pixkat han bezala", baitetsi zuen.