euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako ohiturari jarraituz Argentinako hamaika euskal etxetan ospatu da aurten ere San Fermin Jaia

2013/07/15

La Platako Euzko Etxea-ko balkoitik ere bota zen txupinazoa. 2013ko Sanferminetan Claudio Gil Najerak eta Mirentxu Torres etxeko alkateak izan zuten ohorea (argazkiaEE)
La Platako Euzko Etxea-ko balkoitik ere bota zen txupinazoa. 2013ko Sanferminetan Claudio Gil Najerak eta Mirentxu Torres etxeko alkateak izan zuten ohorea (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Iskanbilatsu bezain tradizionalak, bukatu berriak ditugu 2013ko Sanferminak. Argentinako euskal etxeak ez dira giro honetatik kanpo geratu eta hainbat ospakizun egin dituzte bertako era berezira: entzierrorik gabe baina zahatoa eskuz esku pasatuz eta zapi gorriak astinduz. Euskal erakunde ugarik uztailaren 7an bertan gauzatu zituzten ekitaldiak; beste batzuek, eta bi festak batze aldera, uztailaren 9an –Argentinako Independentziaren Egunean- ospatu zituzten.

Buenos Aires, Argentina. Txupinazoa, buruhandi eta erraldoiak, eta dantzak. Eta baita hitzaldiak, pilota txapelketak eta zinea ere. Itxura desberdinak hartzen ditu Argentinako euskal etxeetan Iruñeko festa nagusiak. Edonola ere, eguneroko agendan eten bat egiteko balio du, lagunekin elkartu eta Euskal Herriko ohitura zaharrak gaur egunera ekartzeko. Hona Argentinan euskal etxeetako sanferminen zenbait erakusgarri.

San Fermin Arrecifesen 2013 01

[Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean, eskualde zabal bateko lagunak bildu ziren, tartean, Todd, Pergamino, San Nicolas eta Buenos Airesekoak. Omar Gorostidy lehendakariak eman zien ongietorria gonbidatuei eta Miguel Garcia Bernaus-ek, berriz, ‘Aurreskua’ dantzatu zuen. Nafarroa eta Sanferminei buruzko bideo batzuk aurkeztu ondoren, aurtengo txupinazoa nola izan zen ere azaldu zuen Laura Nobile liburuzainak. Jaia bukatzeko, dantzatzera atera ziren etxekoak eta gonbidatuak San Nicolaseko Martina Saa-ren txistua lagun (argazkiakEE)]

San Fermin Eusketxen 2013 02

[Buenos Aireseko Lizarraenea-k uztailaren 6an ospatu zituen San Ferminak Sara Pagola lagun. Argentina-Mercosur-erako Euskadiren Ordezkariaren hitzaldia entzun ondoren, Ekin Dantzari Taldearen emanaldi batez disfrutatu ahal izan zuen bildutako jendeak. Afaria ere zerbitzatu zuten etxekoek (argazkiakEE)]


Argentina eta Euskal Herriko aipatu bi data esanguratsuok ospatzeko, bi herrietako folklorea batu zuten Laurak Bat-ekoek uztailaren 8an egindako elkarretaratzean. Egoitzako kintxoan, txistorra eta hatxua dastatu eta hemengo eta hango abestiak kantatu zituten bildutako lagunek, tartean Lagun Onak abesbatzako kideek. Oroigarriak ere banatu ziren: txikiek egindako ‘eskarapelak’.

San Fermin Chascomusen 2013 03

[Chascomus hirian Zingirako Euskaldunak euskal etxearen eskutik ospatu zituen Sanferminak euskal gizataldeak. Uztailaren 7an Pilota Klubean egin zen bazkarian edade guztietako neska-mutilek hartu zuten parte dantza emanaldian (argazkiakEE)]

Buenos Aires probintziatik atera gabe, Coronel Pringleseko Eusko Biltzarra izan da bi festok, Sanferminak eta Independentziaren Eguna, batu zituen euskal etxeetako bat. Horretarako, eta ohi bezala, Ana Sassonik zuzentzen duen Eusko Alaia abesbatzak txokolatea eskaini zien instituzioko kideei. Ospakizunak atzo jarraitu zuen –Ikurrinaren Egunean- dantza emanaldi batekin goizeko mezaren ondoren. Elizkizunetan, Eusko Alaia-k ‘Aita Gurea’ abestu zuen.

San Fermin La Platan 2013 04

[La Platako Euzko Etxeak hiru eguneko ekitaldia burutu du aurten. Uztailaren 5ean Mikel Ezkerrok ‘Euskal etxeak: gazteak eta trebakuntza’ izenburupeko hitzaldia eman zuen. Uztailaren 6an, berriz, kirola izan zen ekintza nagusia. Etxeko trinketean sei bikote neurtu ziren ‘San Fermin’ Xare Txapelketan. Azkenik, igande 7an egitarau zabala gauzatu zen: meza, Guadalupe elizan; Omenaldia eta dantzak, Plaza Morenon, Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean; Txupinazoa Claudio Gil Najera eta Mirentxu Torres alkatearen eskutik; eta paella, abesbatzaren eta dantzarien emanaldia, txokolatada eta erromeria (argazkiakEE)]

San Fermin Maipun 2013 05

[San Fermin giroa Maipu herrira ere ailegatu zen. Bertan meza burutu zen uztailaren 7an, goizeko 11etan. Segidan euskal etxeko egoitzan bazkaria eskaini zen. Afalostean, kalitate handiko musika ikuskizunaz gozatu zuten Fabian Maya soinujole eta Federico Callejas gitarristaren eskutik. Iluntzean, ‘Egunabar’ eta ‘Itzultzeko’ etxeko dantza taldeek alaitu zuten San Fermin ‘taska’ (argazkiakEE)]

San Fermin Olavarrian 2013 06

[Olavarrian bi betebehar izan zituen Gure Etxe Maiteak: alde batetik, locroa eta Nafarroako torta prestatu zuten San Ferminak ospatzeko; bestetik, herriko kabalkadan hartu zuten parte Independentziaren Egunaren Urtemugan (argazkiakEE)]

San Fermin Rauch-en 2013 07

[Rauch-eko Gure Txokoak 120 bat lagun bildu zituen jaian, tartean Las Floreseko Loretako Euskaldunak euskal etxeko kideak. Festa alaitzeko, dantzariek euskal dantza tipikoak eskaini zizkioten publikoari. Haiekin batera, Azulgo ‘Ensamble Azulado’ delako taldea ere igo zen tauletara bere musika aurkeztera. Instituzio anfitrioiko kideek opariak eskuratu zizkieten gonbidatuei (argazkiakEE)]

San Fermin Tres Arroyosen 2013 07

[Tres Arroyoseko euskal gizataldeak San Martin Plazan gauzatu zuen ekitaldia. Bertan, udaletxearen aurrean, txupinazoa bota ondoren etxeko neskak euren dantzekin luzitu ziren. Uztailaren 9an, ordea, dilistak prestatu zituzten etxeko sukaldariek saltzeko (argazkiakEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia