Iruñea-Pamplona, Nafarroa. Nafarroako misioaren helburuen artean, Nafarroako Gansu Foroa antolatzea dago, urriaren 24an Iruñean egingo den Nazioartekotzearen Egunaren esparruan; egun horretan Txinako enpresak hurbilduko dira Nafarroako enpresekin harreman komertzialak egitera. Gogoratu behar da Gansu Txinako eskualde bereziki ireki bat dela, eta zetaren ibilbidearekin loturiko garapen ekonomikoko estrategia jakina duela, herrialde askotan inpaktua duen nazioarteko merkataritzaren proiektu handia.
Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, bidaiatu duen ordekzritzako parte dira Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Perez; Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausin; Lanbide Heziketako Zerbitzuko zuzendaria, Esther Monterrubio; eta Kultura Sustapena eta Berrikuntza Ataleko burua, Estefanía Munárriz. Iruñeko Udalaren izenean, zuzendari kudeatzailea, Arturo Ferrer, eta Bulego Estrategikoaren zuzendaria, José Fermín Costero, joan dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) izenean, berriz, Nazioartekotzeko Errektoreordetzako Nazioarteko Harremanen eta Lankidetzaren Arloko Enrique Armendariz zuzendaria..
Kultura eta hezkuntza arloetako trukeak
Duela hilabete batzuk sinatutako lankidetza-planean, kultura eta hezkuntza arloetan truke ezberdinak egitea jaso zen, eta aste honetan Nafarroako ordezkariek Txinako eskualdeko homologoekin egingo dituzten bileretan zehaztuko dituzte. Hezkuntzari dagokionean, Bigarren Hezkuntzako eta LHko ikastetxeak bisitatuko dituzte, eta hezkuntza-arloko agintariekin bilduko dira ikasleen nahiz irakasleen trukeak egiteko eta elkarren arteko berrikuntza-proiektuetan parte hartzeko aukerak aztertzearren. Horrez gain, Nafarroako ordezkaritzak lanbide-heziketako eskaintzaren berri emango du, bereziki nekazaritza-industrian eta energia berriztagarrietan oinarrituta, Gansuk eremu horiekiko interesa erakutsi baitu.
Kulturaren alorrean, arte eszenikoetako, musikako eta arte plastikoetako kultur operadore ezberdinekin bilduko dira. Halaber, agintariekin eta dinamizatzaileekin harremanetan jarriko dira 948 merkatuaren (Nafarroako arteen merkatua) etorkizuneko edizioetan Gansu bertan izan dadin. Era berean, industria artistikoetako eta kulturaletako ordezkariekin bilduko dira, Nafarroako sormen-sektorea herrialde hartan proiektatzeko aukera aztertzeko xedearekin.
Turismo alorrean, Nafarroako ordezkariek, etorkizunean elkarlana sustatzeko aukera jorratuko dute, Zetaren Ibilbidearen eta Donejakue Bidearen inguruan sinergiak bilatuaz, esan nahi baita Gansu eta Nafarroarentzat turismoa sustatzeko balio duten ibilbideen inguruan.
Iruñeko Udalak, bere aldetik, Jiayuguango hiriarekin Elkarte Lagunkoiaren Memoranduma sinatzeko asmoa du, senidetzea baino maila baxuagoko protokoloa, baina hirien artean lankidetza-loturak egiten dituena gai ezberdinetan.
Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bi herrialdetako ikasleen mugikortasuna bultzatzeko asmoa dakar, bereziki Bigarren Hezkuntzako Unibertsitate Masterraren titulatuena, han gaztelerazko irakaskuntza-praktikak egite aldera. Izan ere,, titulu bat aurkeztuko dute batez ere ikasle txinatarrentzat: Gaztelania Hizkuntzaren eta Espainiako Kulturaren Masterra: Marketinga eta Turismoa.
Horrez gain, nekazaritzako elikagaien ikerkuntzan espezializatutako unibertsitate txinatarrei gai horren inguruan trebatzeko ikastaro laburrak (bizpahiru astekoak) eskainiko dizkie NUPek, haien agertutako interes eta premiei egokituta diseinatutakoak.
Aztertuko dute baita ere Nafarroako erakundeko irakasleek Txinako unibertsitateetan ikerketa-egonaldiak egiteko aukera eta NUPeko ikerketa-taldeek herrialde hartako zientifikoak hartzekoa, lanerako egonaldi laburretarako.
Nafarroa Gansu Foroaren prestaketa
Bisitaren puntu nagusia Garapen Ekonomikoko Departamentuaren ordezkaritzak Txinako ordezkariekin egingo dituzten topaketek osatuko dute; hain zuzen ere, Nafarroa Gansu Foroa prestatzeko. Foroa Iruñean egingo da, urriaren 24an, Nazioartekotzeko Egunarekin batera. Ekitaldiak txinatar merkatua Nafarroako enpresetara hurbilarazi nahi du, eta, horretarako, mahai-inguruak eta gaikako hitzaldiak antolatuko dituzte honako gai hauen inguruan: merkataritza elektronikoa Txinan, kultura arteko negoziazioa Txinarekin edo Nafarroako enpresa txiki eta ertainentzako aukerak, besteak beste.
Nazioartekotzeko Eguna aipatu Nafarroa Gansu Foroarekin osatuko da; etorriko direla jada berretsi dute jada Txinako 16 enpresak eta probintziako goi ordezkari instituzionalek. Foroan, administrazioen arteko topaketak egingo dira, bi lurraldeen artean lankidetza-bideak sakontzen jarraitzeko, eta business to business topaketak ere egingo dira Txinako eta Nafarroako enpresen artean, aukera komertzial berriak bilatzearren. Topaketa horietan parte hartu eta Txinako enpresekin elkarrizketetarako txandak hartu nahi dituzten enpresa nafarrek eskaera egin dezakete dagoeneko jardunaldirako inskripzioa bidalita.