Iruñea-Pamplona, Nafarroa. 2023ko otsailean Nafarroako Parlamentuak onartu zuen Kanpoko Nafar Herritarrekiko Harremanei buruzko Legearen eskakizunak betez, 19 Nafar Etxe eta Zentro ofizialki aitortzea erabaki zuen atzo Nafarroako Gobernuak, aitortu ere "kanpoko Nafarroako komunitate gisa, eta Kanpoko Nafarroako Komunitateen Erregistro Ofizialean inskribatzea". Urrats garrantzitsua da Nafarroako Kanpoko Herritartasunari buruzko Foru Legea eta Komunitateen Kontseilua sortzea arautzen duen foru dekretua garatzeko. Kontseiluak Administrazioaren eta kanpoko nafar komunitateen ordezkariak bilduko ditu eta martxoaren 31 inguruan eratuko dela jakinarazi da.
Pauso honekin, martxoaren 31aren inguruan osatuko da Iruñean Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseilua, Administrazioa eta munduko nafar etxeak ordezkatuta egonik
Aintzatetsi diren 19 nafar etxeak Argentinan daude: Buenos Airesko Nafar Etxea, Rosarioko Nafar Etxea, Mendozako Nafar Etxea eta Bolivarreko Nafar Etxea; bana Kuban, Habanako Asociación Vasco Navarra de Beneficencia; eta Frantzian, Asociación Navarra Siempre-Nafarroa Beti elkartea; baina gehienak Espainiako Estatuan: Sevillako Nafar Etxea, Bartzelonako Casa de los Navarros-Nafarren Etxea, Burgoseko Nafar Etxea, Valentziako “Laurak Bat” Euskal eta Nafar Etxea, Zaragozako Nafarroako Etxea, Kantabriako Nafar Etxea, Madrilgo Nafar Kultur Elkartea, Logroñoko Nafar Etxeko Kultur Elkartea, Valladolideko Nafar Etxea eta Nafar Etxeen Federazio Nazionala, eta tartean hiru Euskal Herrian: Barakaldoko Nafar Etxea, Gasteizko "San Francisco Javier" Nafar Etxea eta Bilboko Hogar Navarro-Nafarren Etxea.
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak atzo Gobernuaren asteroko bileraren ondotik adierazi duenez, akordio horien bidez, Nafarroako Gobernuak bete egiten du 3/2023 Foru Legea, otsailaren 22koa, Kanpoko Nafar Herritarrekiko Harremanei buruzkoa. Foru Lege horren Xedapen Iragankor Bakarrean ezartzen zenez, Nafarroako komunitateek, Espainiako beste eskualde batzuetan edo beste herrialde batzuetan daudenek, Nafar Etxe edo Nafar Zentro gisa, Euskal eta Nafar Etxe gisa zein antzekoak diren zentroak Foru Lege hori indarrean sartzean aitortutakoak, bi urteko epean, atzerrian dauden nafar komunitate gisa aitortzea eskatu beharko lukete, Kanpoko Nafar Komunitateen Erregistro Ofizialean inskribatzeko.
Aurrekontu gehikuntza
Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseilu hau Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak bultzatu du, hain zuzen ere honen baitango Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak, nafar diasporaren elea eta partaidetza ekarri nahirik. "Horretarako, departamentuak Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorrak nabarmen indartzea aurreikusi du, bai Kanpoko Nafar etxeentzako laguntzen partidetan, bai aipatutako kontseiluaren funtzionamendurako", azaldu du Gobernuak ohar baten bidez.