euskal diaspora eta kultura
2009/08/17
PUBLIZITATEA
Iñaki Astiz/Bera, Nafarroa. Urteak daramatzate Rosamary eta Totono Errandonea anai-arrebak Berako (Nafarroa) argazki zaharrak bildu, eta gertakari berriei argazkiak ateratzen. Hilabete batzuk baino ez dira, ordea, interneten jarri dituztenetik, www.beragureherria.com orrialdean, eta hilabete batzuk barru liburu bat argitaratuko dute. «Erretiroa hartu genuenetik, eta seme-alabarik ez dugunez, herriari eskain diezaiokegu gure denborarik handiena», dio Rosamary Errandoneak, eta hala dabiltza herriari herria bistaratuz.
Etxetik datorkie joera, aitarengandik, Felix Errandonea zenarengandik. Casa Felix izeneko tabernako nagusia zen bera, eta taberna kanpoan bi arbela izaten zituen. Han biltzen zituen herriko konturik deigarrienak: futbol partidak, apustuak eta bestelakoak. Arbela haiek ziren herriko pediorikoa, hark deitzen zienez.
Herriko bizitzaren kronika
Umorerik ez zuen falta, gainera. Hala zioen arbela haietako batek 1948ko martxoaren 21ean: «Adi! Gureko [Berako futbol taldeko] kideak, sarrera erostearekin txartela erakusteko eskatzen da. Taldeak Kaxerna [herriko kasko baten izena] inguruetan helbideraturiko jaun-andereei eserleku bat eskuratzea eskertuko lieke, itsuskerian (zikoitzak) geldi ez daitezen». Kaxernako kaskotik partidak doan ikusten zituen jende askok, eta horiei zuzentzen zitzaien tabernaria arbelean.
Hortik datorkie haiei ere herriko kontuak biltzeko joera Rosamaryk dioenez, eta hamaika bildu ditute haiek ere: inauterietakoak, arrantzari buruzkoak, kontrabandoari buruzkoak, jaun-hartzeei eta ezkontzei buruzkoak, kirol gertakariei buruzkoak...
Etxeko gela oso bat Berako argazkiei eskainia
Milaka dira argazkiak, eta milaka gehiago gero argazki bakoitzak bere baitan dituenak. Hala dio Rosamaryk. «Nik, adibidez, beti begiratzen diet argazkietako etxeei, baina bakoitzak bere argazkia ikusten du. Nire lagun batek, adibidez, beti begiratzen die emakumeen garai bateko janzkera eta orrazkerei. Argazki bera izaten dugu aurrean, baina bakoitzak bere argazkia ikusten du».
Etxeko gela oso bat dute argazkiei eskainirik. «Berari eskainiriko gela», Errandoneak deitzen duenez. Panpina errusiarren modura, Beraren argazki bidezko bertsio txikiago bat dute beren Berako etxeko gelaren barruan. «Auzoka ditugu banaturik bildumak, lehenik. Auzo bakoitza gero, etxeka, eta etxe bakoitzari buruzko argazkiak biltzen ditugu gero hor. Herria ere, kaleka dugu antolaturik, eta kaleak ere gero etxeka».
Bilduma han eta hemen lortutako irudiz osatzen
Argazkiez gain, egunkarietan Berari buruz ateratako albisteak ere badituzte artxiboan. Ez gutxi, 1977az geroztik aritu baita Totono Errandonea halakoak biltzen. Berako kirolariei eskainirikoak bereziki. Hor daude Inaxio Errandonea pilotaria, Joseba Larralde txirrindularia, Genaro Zelaieta futbolaria...
Beste herritarrek utziriko argazkiekin, oraindik ere, pixkanaka-pixkanaka beren bilduma handituz doaz errandoneatarrak. Argazkiz argazki. Eta azokaz azoka ere ibiltzen dira. «Aurrekoan, Totonok Angelun (Lapurdi) ordura arte sekula ikusia ez genuen Berako postal bat eskuratu zuen, adibidez».
Sukaldez sukalde
Inguruko etxeei argazkiak ateratzen hasi zen Rosamary. Hor dator dena. «Ama zaindu behar izaten nuenez, argazki horiek egiten hasi nintzen ez aspertzeko, eta amak laguntzen zidan gero haiek antolatzen. Hasieran, ez nuen etxe haietako bat ere ezagutzen».
Aurkezpena egina zuen, ordea. «Nor nintzen ez zekitenez, arraro begiratzen ninduten hasieran, baina noren alaba nintzen esatean, ez zen arazorik izaten». Tabernari izateaz gain, txerri-hiltzaile lanetan, eta Udalerako zergak biltzen ere aritzen zen Rosamaryren aita, eta ezaguna zen, beraz. «Eta orain, nik uste, Berako etxe guztietako sukaldeetan egon naizela», dio Errandoneak.
Herriarentzat orain arte sukaldez sukalde egindako lanak izan du saririk, gainera, Rosamary eta Totonorentzat. Udaletxera eraman ditu, haiek izan baitira aurten festei hasiera emateko suziria bota dutenak. «Gu beratar-beratarrak gara, eta ez dago hori baino gauza handiagorik guretzat».
(jatorriz Berrian 2009-08-15ean argitara emandako artikulua)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus