euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Nafarren aztarna Far Westen”, Ipar Ameriketako euskal artzainen irudi eta testuak biltzen dituen liburua

2022/12/26

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Joan den astelehenean aurkeztu zen Iruñean 'Nafarren aztarna Far Westen". Nafarroako hainbat bailara eta haranen kasuan 1970etaraino gertatutako fenomenoa izan zen gazteriaren zati esanguratsu bat Ipar Amerika mendebaldeko lautada eta mendietara artzain izateko migratzea eta horren isla ematen du, hain zuzen, liburu honek, izan ere, 150 argazkitik goiti eta hainbat testu bildurik Nafarroako Gobernuak argitaratzaile. Gizatalde album tankera eman diote eta hainbat migranteren irudi, istorio eta oroitzapenen bilgarri da, Kalifornia, Nevada, Idaho, Arizona edo inguruko estatuetara emigratu izana bertan aipatutakoen komuneko ezaugarri.

Liburua elikatu duen materiala XX. mende erdialdeko Estatu Batuetarako nafar emigrazioaz abian den lan zabalago batean behar da topatu, Laia Ikerketa Taldea ari dela egile eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusia babesle. Argitaratutako testuek zertzeladak ematen dituzte liburuak izenburu duen gaiaz, besteak beste aitzindariak, zergatiez, nondik eta nora abiatu ziren, testuingurua, emakumearen rola, agentziak hemen agentziak han, hori guztia pasadizo koloretsuz josia.


Liburuaren aurkezpena joan den astelehenean Nafarroako Jauregian

Bere alderdi grafikoan zenbait elkarte izan ditu ekarle eta lankide, hala nola Euskal Artzainak Ameriketan elkartea Lesakan, Elutseder Erron, edo Iratiko Bortua Aezkoan. Izan ere Nafarroako leku horietatik, eta oro har Bortziriak, Baztan, Maldaerreka, Erroibar edo Aezkoatik abiatu ziren gehienbat nafarrak Estatu Batuetako Mendebaldera, baina baita Artzibarretik eta leku gehiagotatik ere eta, zer esanik ez, Nafarroa Beheretik.

Liburua Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Hualdek aurkeztu zuen, lagun izan zuela Eskualdeen arteko Lankidetza eta Kanpo Herritartasun Zerbitzuko zuzendari Pello Pellejero eta, Laia Ikerketa Taldearen izenean, Mikel Aranburu. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago eta eranskin bat biltzen du ingelesez. 231 orrialde dauzka eta 20 euroan eros daiteke Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen dendan.

Obra hau argitaratzea Herritarrekiko Harremanetarako departamentuak daramatzan ekinbideen behar da kokatu, kanpoan dauden herritarrekin harremantzeko NEXT estrategiaren baitan, Komunikazioa/Konexioa hizpide duen 1 zenbakidun ardatzari lotuta, honek proposatzen baitu hain zuzen, beste neurri batzuen artean, lanak egin eta sustatzea Nafarroaren nazioarteko emigrazioa ezagutaraztearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia