Gizataldeen Festa azaroaren 4tik 15era ari da garatzen Rosarion, Banderaren Parke Nazionala izeneko berdegunean, bertako Turismo Erakundea eta Kolektibitate Atzerritarren Elkartea antolatzaile. Hamar egunetan zehar 50tik gora kolektibitatetako taldeak hartuko dute parte stand eta ikuskizunekin, tartean Rosarioko Nafar Etxeak eta Zazpirak Bat Euskal Etxeak. Ikuskizunen arloan, Euskal Etxeko dantzari txikiak joan den larunbatean aurkeztu ziren. Helduen txanda, astelehenean helduko da. Dantzari nafarrek, berriz, larunbatean egin zuten lehenengo saioa eta bihar dantzatuko dute berriro.
Rosario, Argentina. Rosarioko Gizataldeen Festa Nazionalaren 32. edizioa joan den asteburuan hasi eta datorren asteratean bukatuko da Parana ibaiaren ertzean kokatzen den Banderaren Parke Nazionala izeneko berdegunean.
Hiriko eta eskualde osoko jai herrikoi nagusia da gertakari hau eta, musika eta dantza ikuskizunak ez ezik, mundu osoko herri askotako plater tipikoak, eskulanak eta oroigarriak ere eskaintzen dituzten stand-ak jarten dituzte kolektibitateek urtero huts egin gabe hurbiltzen den publikoaren gozagarri.
Euskal Herriaren kasuan, bi instituzio dira aurten ere Pirinioetako kulturaren ordezkari: Nafar Etxea eta Zazpirak Bat Euskal Etxea, bi erakundeetako dantza talde etamusikariekin batera.
Nafar Etxea Rosarioko Gizataldeen Jaian
1985. urtean festa ospatzen hasi zenetik bermatzen du nafar kulturaren presentzia Nafar Etxeak Rosarioko Gizataldeen Jaian. Egin ere, zenbait esparrutan egiten du, tartean sukaldaritzan, dantzetan eta musikan. Aurten gainera, Kolektibitateen erregina izateko hautagai nafarra ere izan du lehiekata horrek, eta nobedadeen artean, Pilar Lopez Virgili jotari argentinarrak jota batzuk abestu zituen, tartean Ruiseñor quisiera ser (ikusi bideoa hemen).
Bestetik eta urteroko ohiturari jarraituz, elkarteko dantzari guztiek --txiki, ertain eta helduek-- dantza erakustaldia eskaini zuten agertoki nagusian joan den larunbatean eta bihar errepikatuko dute, oraingoan nafar standeko agertokian.
Zazpirak Bat Euskal Etxea
Rosarioko Euskal Etxea ere Gizataldeen Jaiko partaide da eta kasu honetan bere barneko Gure Haziak txikien taldeko dantzariak eta Gaztedi Zutik-eko dantzari helduak izan zituen jaian ordezkari. Txikien emanaldia joan den larunbatean izan zen. Maite Echazu eta Rodrigo Mendia zuzendari, Ikurrina Dantza, Fandango eta Arin Arin dantzatu zituzten neska-mutilek.
Bere aldetik, helduen emanaldiak asteazkenean izan behar zuen, baina ekidinezineko arrazoiak medio datorren astelehenera pasatu da. Hitzordua, beraz, azaroaren 14an izango da azkenean, gaueko 9etan agertoki nagusian. Bertan Martxa-Polka, Brokel Dantza, Uztaiak eta Fandango eta Arin Arin aurkeztuko dituzte Gaztedi Zutik taldeko gazteek, Ignacio Sarmiento zuzendari.