euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafar Etxeko dantzariak partaide Eusketxek eta Euskaltzaleak-ek Andres de Irujori eskaini zioten omenaldian

2008/12/11

Teresa de Zavaleta, Maria Elena Etcheverry eta Mariana Fernandez Castelli omenaldian egin zuten mintzaldi/elkarrizketan (argazkia EuskalKultura.com)
Teresa de Zavaleta, Maria Elena Etcheverry eta Mariana Fernandez Castelli omenaldian egin zuten mintzaldi/elkarrizketan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Joan den abenduaren 3an Buenos Aireseko Eusketxe eta Euskaltzaleak elkarteek omenaldia egin zioten Andrés de Irujo Ollori. Orain dela ehun urte Lizarran jaio zen Irujo, baina erbestera jo behar izan zuen 1940 urtean eta Argentinara iritsi zen Euskal Herrian familia, lagunak eta egoera politiko larria utziz. Buenos Airesen lan eskerga egin zuen bere jaioterriaren eta euskararen alde, Ekin Argitaletxea sortuz. Bertatik Euskal Herriko eta euskaldunen hizkuntza, kultura eta ideiak zabaldu zituen. Orain, bere jaiotzearen mendeurrenean, Eusko Kultur Etxea eta Euskaltzaleak erakundeek omenaldi bat egin diote, Buenos Aireseko Nafar Etxeko dantzariak partaide.

Buenos Aires, Argentina. Elkarrizketaren itxura zuen hitzaldi batekin hasi zen pasa den abenduaren 3an Andres de Irujoren omenaldia. Teresa de Zavaletak eta Mariana Fernández Castellik galdera batzuen bidez bideratu zuten solasaldia haren alargun María Elena Etcheverryrekin, bere senarra zenaren bizitza profesional nahiz pertsonalari buruz hitz eginez. Etcheverrryk Irujoren  hainbat pasadizo kontatu zituen, entzuleen artean malko bat baino gehiago sortuz.

Elkarrizketaren ondoren, Aitor Alava etxeko dantza taldeko zuzendariak Ohorezko Aurreskua dantzatu zion alargunari eta dantzariek taldeari “Ekin” izena ematea erabaki zutela jakinarazi zien etxeko lagun eta kideei, Irujok sortu zuen argitaletxe ezaguna oroituz.

Irujori omenaldia (2)

[Aitor Alava dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu zuen Irujoren omenaldian eta elkarteko dantza taldeak Ekin izena izango duela jakinarazi zuen, Irujok Buenos Airesen sortu zuen argitaletxeak bezala (argazkia EuskalKultura.com]

Nafar Etxeko dantzarien parte hartzea

Dantzekin jarraitzeko, Buenos Aireseko Nafar Etxeko dantzariek --omenaldiko gonbidatu bereziak izan ziren-- Iruñeko jota eta Tuterako jota dantzatu zituzten. Bukatzeko, Euskaltzaleak-eko Euskara eta Kultura tailerretako ikasleek Nafarroako Frantzisko Xabierri buruzko joko didaktiko bat egin zuten.

Irujori omenaldia (3)

[Buenos Aireseko Nafar Etxeko dantzariek Andres Irujoren omenaldian parte hartu zuten, dantza erakustaldi txiki bat eginez Eusketxe eta Euskaltzaleak elkarteen egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)]

María Elena Etcheverryk, erabat hunkituta, eskerrak eman zizkien Mexico 1880eko Etxeko lagunei, une berezi honetan berarekin egoteagatik eta Ekin, Eusketxe eta Euskaltzaleak erakundeek indar handiz aurre egiten diotela etorkizunari azaldu zuen, besteak beste Andres de Irujok bere bizitza osoko lanarekin utzi zuen ereduari eta sostenguari esker.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia