Rosario, Argentina. Datorren asteko ostiralean hasiko da Rosarion Gizataldeen Topaketa eta Jai Nazionalaren 40 urteurreneko festa handia. Azaroaren 8tik 17ra, 19:30etatik aurrera, Banderaren Parke Nazionalera hurbiltzen direnek munduko zapore, dantza, musika eta adierazpen kulturalez gozatzeko aukera izango dute. Hamar gauetan zehar, Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta Rosarioko Nafar Etxeak Euskal Herria ordezkatuko dute 50 gizatalde partaide baino gehiagorekin batera. Megaekitaldiak Rosarioko Udala dauka antolatzaile, Rosario Turismo erakundearekin batera, Rosarioko Atzerriko Gizataldeen Elkartearekin elkarlanean.
Egin klik mapan, Rosarioko 40. Gizataldeen Topaketa eta Jai Nazionaleko stand, agertoki eta guneen kokapena ezagutzeko
Rosarioko Nafar Etxeak bi stand aurkeztuko ditu, bata kulturala eta bestea gastronomikoa. Horrez gain, Ibai Ertzeko Galpón 17an egingo den erakusketan ere parte hartuko du. Espartinak, San Ferminen estatua bat, Foruen Monumentuko beste bat, xistera eta txistu bat dira Nafar Etxeak erakusgai aukeratutako objektu adierazgarriak. Stand kulturalean, kiliki / buruhandiak, Nafarroako bikote baten tamaina naturaleko gigantografía bat, era tradizionalean jantzia, eta aurpegiaren ordez zulo bat duena, egongo dira, argazkiak ateratzeko; eta Nafarroako paisaien eta gastronomiaren irudien erakusketa ere egongo da. Gauero, gainera, dantzari taldeek, Alejandro Escalante zuzendari, arin-arinak, arku dantza, jotak eta makil dantzak aurkeztuko dituzte. Menuari dagokionez, paella eta tortilla eskainiko dituzte, baita txibiak, solomo eta urdaiazpiko bokatak ere eta, edateko, zurrakapotea.
Zazpirak Bat-ek ere bere proposamen kultural eta gastronomikoa garatuko du. Bertan, bisitarien kezkei erantzungo diete, euskara, euskal abizenak edo turismoa bezalako gaiez. Horrez gain, estaturik gabeko nazioen musika, dantza eta hizkuntzen Topaketa egingo dute, Katalunia, Eskozia eta Irlandako ordezkariak partaide. Topaketaren baitan, Zazpirak Bateko euskara taldeak antzerki emanaldi labur bat eskainiko du. Gauero hamar egunez, Gaztedi Zutik-eko dantzariak, Mateo Tacconi, Agustina Gomez Arralde eta Ainhoa Parachuren eskutik, eta haurrek osatutako Gure Haziak taldea, Ainhoa Aguirre eta Mª Lourdes Esnalen zuzendaritzapean, dantzari arituko dira bai agertoki nagusian zein eurenean ere. Gastronomia alorrean, bertan izango da, urtero bezala, Rosarioko sukaldari eta nutrizionista Itziar Aguirre, Trainera Cocina Vasca-ren sortzailea, tortilla, bokarta eta txistorra bokatak, txibiak, arroza itsaskiekin, pintxoak eta, postrerako, natillak eskainiz. Txapelak, berriz, txotxean edateko euskal sagardo naturala bertaratuko du.