euskal diaspora eta kultura
2013/07/17
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Alaitasuna eta tristura. Alaitasuna, jaiak primeran atera direlako. Tristura, orain urtebete itxaron behar delako datorren San Fermin Jaia ospatu ahal izateko. Kontrako bi sentimendu hauekin esan diete ‘agur’ Hegoamerikako nafar eta euskal etxe ugarik 2013ko Sanferminei. Eta hurrengorako itxaronaldia laburragoa izan dadin, argazki eta bideo anitz daude, besteak beste sarean, festa urte osoan zehar gogoratzeko. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, azken egunotan jasotako berri, irudi eta bideoak:
[Txileko Nafarroako Etxeak uztailaren 7an bertan ospatu zituen Sanferminak. Festak bi zati izan zituen: goizean meza eman zuen aita Alfredo Calvok Virgen de Covadonga Kaperan; elizkizunean Txileko Errioxako gizataldeko abesbatzak hartu zuen parte. Ondoren, ehun bat lagun bildu ziren Estadio Español-en burutu zen bazkarian (argazkiak www.eespanol.cl)]
[Eta Argentinara pasatuz, Bolivar-ko Nafarroako Etxean bi asteburuz luzatu da ospakizuna. Lehenengoan, Mus Txapelketa eta afaria burutu ziren; bigarrenean, meza eta 'txokolateada'. Bietan etxeko dantzariak izan ziren festako protagonistak (bideoa NE)]
[Hiriburu argentinarreko Nafar Etxeko kideek ere izan zituzten mugimendu handiko egunak, kasu honetan uztailaren 5etik 7ra. Bertan Pilota erakustaldia, familia osoarentzako ekitaldia (txokolatea, dantza, bideoa eta jolasekin) eta ohiko oturuntza gauzatu ziren. Igandeko, alegia, uztailaren 7ko bazkaria baino lehen, gainera, txupinazoa eta kaleko dantzak ikusi ahal izan ziren Buenos Airesko Nafarroako Etxearen egoitzaren aurrean (argazkiakNE)]
[Eguraldi ederra izan dute Mar del Platako Nafarroako Etxeko lagunek 2013ko San Fermin jaian. Eta oso ongietorria izan zen festa hondartzan egin baitzen. Txupinazoak eman zion hasiera festari eta ondoren dantzak, paella eta musika ikuskizunak heldu ziren (argazkiakNE)]
[Mendozatik ere iritsi zaigu Sanferminetako ospakizunen berri. Andeen magaleko Nafar Etxeak bazkari bat antolatu zuen uztailaren 7an Guaymallen-go Azokaren Aretoan. Uztailaren 12an, berriz, meza eman zen Loreto Katedralean. Jaiak lagunen arteko erromeria batekin jarraitu zuen, zezen urdina eta guzti, argazkiak erakusten duenez (argazkiakNE)]
[Urtero bezala, Rosarioko Nafar Etxeak ere programa oparoa antolatu zuen San Ferminen ohoretan. Uztailaren 5ean hasitako ekirtaldiak datorren larunbatean bukatuko dira, Pilota Txapelketa batekin. Bitartean, mus txapelketak, kabalkada, musika eta dantza ikuskizunak eta lagunen arteko afariak burutu dira (argazkiakNE)]
[Buenos Aires probintziako Ayacucho herrian, Euskal Odolaren eskutik --gehienbat nafarrek eta baxenabartarrek sortutako euskal etxea berau-- ospatu zituen euskal gizataldeak Sanferminak. Festa ‘El alegre despertar’ekin hasi zen uztailaren 14an. Zeremonia honekin, omenaldia egin ohi diete etxeko dantzariek gizataldeko pertsona helduei. Aurtengo omenaldia Justo Jose Echeverria Olano, Juan Ignacio Echeverria Olano, Maria Nilda Ilarregui Mandacen eta Mariana Iribarren Etchart lagunei egin zaie; Ayacuchoko dantzariek Tandilgoekin batera, Miguel Angel Paris apaizak eskainitako mezan hartu zuten parte. Elizkizuna amaitzean, dantza emanaldia eskaini zuten gazteek elizaren aurrean. Eguerdian bazkaria partekatu zuten etxekoek, instituzioaren egoitzan (argazkiakEE)]
[Rosario hirian baina Zazpirak Bat Euskal Etxean, joan den uztailaren 13an izan zen San Fermin Jaia. Gaztedi Zutik taldeak antolaturik, musika eta giro onaz bete zen etxeko frontoia. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen, dantzarien eskutik (argazkiakEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus