San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak —erdaraz Basque Cultural Center hartzen du izena— bere 42. urtebetetzea ospatuko du datorren asteburuan, otsailaren 17 eta 18an, ospatu ere ohiko festa eta elkarretaratze handiarekin. Ohi bezala, ehundaka jende bilduko dira San Frantzisko eta Kalifornia osotik helduak, baita Estatu Batuetako beste hainbat lekuetatik ere, besteak beste NABO federazioak bere neguko bilkura egingo baitu larunbatean EEaren egoitzan. Pilotari gizon eta emakume gazteak ere etorriko dira Euskal Herritik, eta aurkezpenak, emanaldiak, filmak, musika, partidak, kantua, dantzak, meza, omenaldiak eta 'moxkor salda' ere baitaratuko ditu programak, jarduerez beteriko asteburuan.
Pedro Oiarzabalek II Mundu Gerrako euskal soldadu amerikarrei buruzko ikerketa eta Monumentua aurkeztuko du; eta 'Txipli, txapla pum' dokumentala ere emango dute
Larunbat goizean, zazpi t'erdietatik aurrera, urteko lehenengo bilkura egingo du Jean Flesher lehendakari duen NABO euskal etxeen federazio iparamerikarrak. Eguerdiostean, 2022an Estatu Batuetan grabatutako —baita Kalifornia eta San Frantziskon ere— eta iaz Euskal Herrian eta New Yorken estreinatutako 'Txipli, txapla pum, Amerikatik' filma pantailaratuko dute, Amaia Hormaetxea eta Endika Basaguren egile dituena, estreinaldi gisa bertan, BEO bertako kultura elkartearen eskutik.
Segidan, Pedro Oiarzabal ikertzaile eta historialariak, 2. Mundu Gerran parte hartu zuten euskal amerikar borrokariei buruz 'Sancho de Beurko Elkartea' egiten ari den ikerkuntza aurkeztuko du, baita euskal komunitatearen seme-alaba ziren hauei (1.600etik goiti), heien izen-deiturekin, Estatu Batuetan monumentu bat eraikitzeko NABOk abiatu berria duen kanpaina ere, euren sakrifizioaren eta euskaldunen ekarpenaren oroigarri Ondoren, joko garbi, pilota paleta eta esku huskako partidak, EEko kantxan.
Zale asko erakarriko dituzte EHko pilotarien partidek. Igandean, 'Bizi Emankorra' saria emango zaie Frantxoa Camou, Roland Cherbero eta Jean-Michel Duhalde-ri
Pilotari arituko dira Euskal Herritik etorririk, Eneko Sarratia, Pantxo Lissar, Iban Riouspeyrous, Ximun Etcheverry, Thomas Galharrague eta entrenatzaile Éric Migueltorena (joko garbi); Maider Mendizabal, Amaia Irazustabarrena, Maider Huici eta entrenatzaile Naia Ouro (pilota paleta); eta Beñat Azketa, Iban Matxinandiarena, Ander Murua, Beñat Garmendia eta entrenatzaile Lur Ziarrusta (esku huska). Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza lankide. Aperitifa eta BBQ afariaren ondotik, bala edo erromeria areto nagusian, 'Amerikanuak' taldearen musika eta erritmo euskal-amerikarrekin.
Igandean, euskal meza (nahi duenak zuzenean online hemen segitu ahal izango duena) San Frantzisko bereko Elgarrekin korala, Zazpiak Bat-en klika eta dantzariak eta dantzari Gazteak-ekin. Hauek ere segidako Omenaldi eta 'Bizi Emankorra' sari-ematean hartuko dute parte, ohoratuak Frantxoa Camou, Roland Cherbero eta Jean-Michel Duhalde izanik. Ondoren aperitifa, bildoski bazkari jendetsua frontoian eta arratsaldean, aurreko egunean bezala, joko garbi, pilota paleta eta esku huskako partidak, azkenik eguna Amerikanuak taldearen musika eta dantzarekin eta geroago 'moxkor salda' oro-sendatzaile batekin bururatzeko.
Zorionak antolatzaileei, eta ontsa ospatu San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen, 42. urtebetetzea!