euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOko ordezkaritza bat Mexiko DFko Euskal Etxean izan zen larunbatean, Mendeurreneko ekitaldiekin bat eginez

2007/09/27

NABOko ordezkariak Mexikoko Euskal Etxeko anfitrioiekin (argazkia Vascosmexico.com)
NABOko ordezkariak Mexikoko Euskal Etxeko anfitrioiekin (argazkia Vascosmexico.com)

PUBLIZITATEA

Mexiko Euskal Etxeak North American Basque Organizations (NABO) elkartearen ordezkaritza errezibitu du joan den asteburuan. Estatubatuarrek Euskal Etxearen Mendeurreneko ekitaldiekin bat egin eta Donostiako Gaztelupe Koruak eman zuen kontzertuaz gozatzeko parada izan zuten. NABOko taldea osatzen zutenak honokoak ziren: Mary Gaztambide, lehendakaria, John Ysursa, sustatzailea, eta Xabier Berrueta, aholkularia.
Joan den larunbatean Mexikoko Euskal Etxea urrundik etorritako lagunen bilgune bihurtu zen. Alde batetik NABOko (North America Basque Organizations) ordezkaritza batek bisitatu zuen euskal elkartea, mexikarren Mendeurreneko ekitaldiekin bat egiteko. Horrela, estatubatuarrek joan den urtean Euskal Etxeko ordezkaritza batek egin zien bisita bueltatzen zuten.

Estatubatuarren ordezkaritza honokoek osatzen zuten: Mary Gaztambide NABOko lehendakariak; John Ysursa sustatzaileak, eta Xabier Berrueta aholkulariak. Bi elkarteek, NABOk eta Euskal Etxeak, lankidetza harremanetan sakontzeko parioa egin dute eta topaketa hauetan elkarrekin egiteko ekimenak aztertzen ari dira.

Gazteluperen kontzertua

Estatubatuarren bisita Euskal Etxeak Mendeurrena dela eta antolatu dituen ekitaldietako batekin batera egokitu zen. Donostiako Gaztelupe Korua izan zen protagonista eta gipuzkoarrek kontzertu ederra eskaini zuten. Euskal taldea bira egiten ibili da Mexikon barrena eta kontzertu ugari eskaini dituzte. Ez da herrialde honetan zehar dabiltzan lehen aldia, laugarrena baizik. Lehena 1976an izan zen eta guztietan, huts egin gabe, Euskal Etxetik pasa dira. [Ezkerrean Gaztelupekoen kontzertuko irudi bat, kantariak sukaldari-danborreroz jantziak (argazkia Vascosmexico.com)]

Emanaldiaren ondoren opariak trukatu zituzten kantariek eta Euskal Etxeko arduradunek. Donostiarrek Kontxako barandilaren irudi bat eman zioten Euskal Etxeko lehendakariari, Eduardo Ormaetxeari; eta honek Euskal Etxearen izenean opari batzuk eman zizkien. Mary Gaztambidek, NABOren izenean, Euskal Etxea zoriondu zuen bere 100. urteurrenagatik. Gauari bukaera emateko lagunarteko afaria egin zuten bertaratutakoek, Loyola jatetxeak zerbitzatutako menuarekin. [Eskubiko irudian Eduardo Ormaetxea Euskal Etxeko lehendakariak Gaztelupekoen opariak jasotzen ditu (argazkia Vascosmexico.com)]

[Mexiko DFko kontzertu honetako argazkiak eta bideo bilduma zabalago bat ikusi nahi dituenak, www.vascosmexico.com webgunean egin dezake].


Lotura interesgarriak

Mexiko DFko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

NABOren webgunea
www.nabasque.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia