euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOko lehendakari berri Philippe Acheritogaray-ren mezua AEBetako Diaspora aurrean, dituen planak aipatuz

2018/06/20

NABO zuzendaritza 2018-2019: Mayie (Berterretche) Petracek, Kate Camino, Philippe Acheritogaray, Annie Gavica
NABO zuzendaritza 2018-2019: Mayie (Berterretche) Petracek, Kate Camino, Philippe Acheritogaray, Annie Gavica

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.com-ek tenorez adierazi zuenez, Philippe Acheritogaray da NABOko lehendakari berria, Ipar Ameriketako euskal etxe eta elkarteen bilgune den erakundeko buru hautetsia 2018-2019 epealdirako, presidente kargua urtero hautatzen baita NABOn. Erakundeko delegatuek, Nevadako Winnemuccan eginiko Biltzar Nagusi edo 'Convention'en hautatu zuten, aldarrikatuta. Hona karguratu ostean euskal komunitateari luzatzen dion lehenengo mezu edo agurra, eskerrak emanez eta bere asmo eta kolaboratzaileen aipua eginez.

Egun en deneri,

Philippe Acheritogaray dur izena eta NABOko --Ipar Ameriketako euskal etxe eta elkarteen bilgarri den erakundeko-- Zuzendaritza Batzordeko lehendakari berria naiz.

Lehenengo eta behin, esker ona azaldu nahi diet orain arteko gure lehendakari Annie Gavicari, orain arteko idazkari Lael Uberuaga Rodgers-i eta orain arteko lehendakariorde Valerie Arrecheari, joan den urte honetan NABOri eskainitako lan guztiagatik. Kate Camino, gure Zuzendaritza Batzordeko kide, NABOko 'sustatzaile' eta Udalekuko zuzendari kide denak idazkari kargua ere hartuko du. Berarekin buruz-buru lan egiteko konidantza daukat, baliatuz bere gaitasun baliotsuak eta eskarmentu ugaria, beti ere nire izendapenerako aurkeztutako programa aldarrikapena hobekien gauzatu eta hor marraztutako helburuak lortzeko. Eta gaitasunak eta eskarmentua aipatzen ari garela, esan behar dut NABO fortunatua dela, epe berri honetan ere Mayie Petracek, CPA eta kontularitza-kudeatzaile tituluduna, diruzain izango baitu, baita gure Finantza eta Inbestizamendu Batzordeko buru ere. NABOren programa nagusiek orain artekoen buruzagitza izango dute, hala nola Pierre Etcharren, Musean; Martin Goicoechea, Euskaran; eta Valerie Etcharren eta Kate Camino, Udalekun.

Bukatu berria dugu Winnemuccan NABOren Urteroko Biltzar Nagusia, aurten gainera Nevadako euskal etxe zaharrena antolatzaile, hala baita Winnemuccako Euskaldunak Denak Bat Basque Club. Biltzar Nagusia gure euskalduntasunaren ospakizun jarraitua izan da asteburu osoan, eta baitaratu ditu, besteak beste, Gernikako Bonbardaketa ardatz hartu zuen ikuskizun hunkigarri zein irakasgarria, 5KM lasterketa/ibilaldia, herriko kale nagusia den Winnemucca Boulevard bere luzera osoan zeharkatu zuen kabalkada edo desfilea, euskal dantza emanaldiak lau estatutatik etorritako zortzi talderen lanarekin, bertsolariak, harrijasotzea, aizkolariak, artea eta AEBetako artegile herrikoiek erakutsitako lana, musikari euskal-amerikarren musika, erakustaldiak, euskal meza eta janari ona.

NABO Txerrik lehiaketako saria Marin-Sonomako Euskal Elkarteko partaideei egokitu zitzaien Tripota (odolki, mortzilla) onenari dagokionez; eta Txorizo kategorian, saria Nampa. Idahoko Eiguren/Mendieta taldeari.

NABOk 2002tik darama geure elkartea egoki zerbitzatu eta geure arrakastari ekarpen esanguratsuak egin dizkioten pertsonei euren lan hori eskertzen, eta Annie Gavicak eta biok ohore handiz eman genion 2018ko NABO Bizi Emankorra saria, luzaz egindako Winnemuccako delegatu lanagatik, Jerry Etcheverry-ri. Mila esker berriz, Jerry!

NABOko Zuzendaritza Batzordearen izenean, esker bereziak eman nahi nizkioke Winnemuccako Euskaldunak Danak Bat Basque Club-i, hain ongi antolatutako Biltzar Nagusi eta Euskal Festengatik, eta gure euskal komunitatea biltzen egindako ahalegin arrakastatsuarengatik, euskaltasuna gu guztion bilgarri. Hain zuzen ere, bere izenari ohore egitagatik: Euskaldunak Danak Bat!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia