euskal diaspora eta kultura
2011/07/11
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Uztailaren 9tik 16ra izango da NABOren lehenengo barnetegi hau. Ipar Ameriketan euskara irakasle gehiago behar direnez, 2010-2011 ikasturtean 15 pertsona aritu dira euskara ikasten gerora irakasle izateko.
Helburua da lau urtetan euskara maila nahikoa lortzea irakasle aritzeko, horretarako urtero klaseak internet bidez jasoz, haragizko irakasle baten sostenguz e-mailez edota Skypez. Horrekin batera, 'Euskara Munduan' planak orain Boisen garatzen ari den moduko barnetegi bat agintzen du urtero, mintzamena landu eta ikasitakoa ikaskideekin partekatu eta irakasleekin aurrez-aurre landu eta komentatu ahal izateko.
Programa eta barnetegia doan dira ikasleak lanaren %80a osatzen badu. Ikasleek, lau urteko ikaskuntza prozesua amaituta, bi urtez euskara irakasle izateko konpromisoa hartzen dute atzera euren euskal etxe eta eskualdetan. Ikasturte honetan Amaia Zeberio izan da ikasle hauen urruneko irakaslea.
Zeberio Gipuzkoako Lazkaoko Maizpide barnetegiko irakaslea da eta dagoeneko 15 ikasleengandik 2 Lazkaora ikastera joan dira. Beste ikasle batzuek ere Lazkaora joateko asmoa dute. 'Euskara Munduan' HABEk bultzatzen duen programa da, Estatu Batuetan NABO duela lankide.
Urtean zehar, ikasleek astero 3-5 orduz lan egin behar dute Euskara Munduan-en Ipar Ameriketako adar honetan. Ekimen hauek denbora daramate Hego Ameriketan, gaztelania oinarrizko hizkuntza daukaten herrialdetan, baina ingelesa abiapuntu izanik hamarkada honetan hasia da gauzatzen Estatu Batuetan.
Argentinan-eta ez bezala (ikasurteak hor urte naturalak dira), Estatu Batuetan urritik ekainera izaten da ikasurtea eta udan oporrak, udako astebeteko barnetegi hau salbu. Datorren urrian, beraz, berriz hasiko dira euskarako klaseak. NABOtik adierazi dute, ikasle berriak pozik hartuko lituzketela ikaskuntza prozesua hasten duen talde berri batekin hasi ahal izateko.
Estatu Batuetan euskara irakasle bilakatu nahi duenari, oinarrizko ezagutza baino ez zaio eskatzen ikastaroetan parte hartzeko. Interesatuek aski dute Izakun Kortazarri idaztea izaskunkortazar@gmail.com helbidera. Urrira arte dago epea ikasle berriak onartzeko.
Boiseko barnetegiko ikasleak Kanada zein Estatu Batuetakoak dira, azken kasu honetan Kalifornia, Nevada, Wyoming eta Idaho bertakoak. Boisen pasatzen ari diren astebete honetan BSUn (Boise State University) ari dira eskolak hartzen goizeko 9etatik arratseko 5etara, asteburua barne.
Urtean zehar landutako materialaz gain hainbat jolas eta talde-dinamika gauzatuko dituzte ikasleek elkar ezagut dezaten euskara lantzen duten bitartean. Egunero eguerdiko 12etatik ordu 1era BSUko Boise River Cafen bazkaltzen dute eta afaria, berriz, Izaskun Kortazarren etxean egiten, guztia euskara praktikatuz, denborari ahalik ete etekinik handiena ateratzearren. Barnetegiaren ardura HABEko Kinku Zinkunegik eta Izaskun Kortazarrek daramate.
Gaur astelehena Bizkaiko Larrabetzutik etorrita Boisen truke batean diren neska-mutilak inguratuko dira barnetegira, ikasleekin mintza praktika egiteko eta euskara ikasi duten beste pertsona batzuk ere barnetegia bisitatuko dute euren esperientziaren berri eman eta ikasleak euren euskara ikaste lanean animatzeko.
Bestalde, datorren ostiralean, uztailaren 15ean, gaueko 8etan, ikasleak Lekuona jatetxean elkartuko dira, publikoari zabaldutako kantu-afari batean. Euskal kantu liburuak banatuko dira eta ez da beharrezkoa izango, beraz, kantak edo hitzak aldez aurretik ezagutzea.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus