Salt Lake City, AEB. Utah-ko hiriburuko "Annual Basque Dinner & Dance" ikuslego ia guztiz amerikano ez-euskalduna biltzen duen ekitaldia da. Azkeneko honetan ere aretoa jendez mukurru bete duela esan daiteke, hirurehun jendetik gora --txartel guztiak salduak--, euskal moldeko afari bat dastatu eta dantzarien emanaldia ikusteko. Euskal Etxeko lehendakariorde Cirbie Lee Sangroniz dantzari gazte engaiatua izan du koordinatzaile, baina euskal etxeko gazte eta helduak oro laguntzaile.
Eguna NABOren bilkurarekin hasi da, Salt Lake-ko elkarretaratze honek egoitza gisa finkatua duen St. Ambroise elizako aretoetan. Estatu Batu osoko euskal etxeetako ordezkariak bildu ditu bilkurak, NABOko lehendakari Valerie Etcharren Arrechea buru. Arrechearekin lehendakaritza-mahaian NABOko lehendakariorde Mary Gaztambide, Salt Lakekoa, eta idazkari Marisa Espinal, San Frantziskokoa.
Bileran ziren eta mintzatu ziren, besteak beste, federazioko sustatzaile Kate Camino, Renokoa, Lisa Corcostegui, Renokoa baita ere, NABOko webmaster eta Ontarioko ordezkaria; NABOko Hezkuntza arloko arduradun John Ysursa, Boisekoa, Euskara buru Martin Goicoechea, Rock Springs-ekoa, eta beste hamaika partaide ere. Bertan ez zegoena, osasun arazoren bat tarteko, federazioko diruzaina, Grace Mainvil. Lerro hauetatik gure agiantza onenak lehenbailehen senda dadin.
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat ere bildu zen bertara, batzuek zuzenean Euskal Herritik etorriak, hala nola Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta bere bulegoko Benan Oregi eta Jon Garcia; eta beste batzuk New Yorketik, Euskadiren AEBetako Ordezkaritzarik, hala nola Ander Caballero Euskadiren ordezkaria Estatu Batuetan eta Kanadan.
Bilkura emankorra izan zen eta jardunak taxuz eguerdiko bururatu ziren. Bilkura hondarrean, Boisera heldua den euskal apez berria agertu zen, bere burua aurkezteko NABOren aurrean. Antton Egiguren du izena, frantziskotarra da, eta bizpahiru hilabete darama Boisen. Hamar bat hizkuntza mintzo ditu eta ibilbide luze eta aberatsa egina du bere 61 urteetan. Lovainako Unibertsitatean irakasle izatetik pasatu da Estatu Batuetako Boisera, euskaldunen zerbitzuko.
Ondoren etorri zen bazkaria, afaria bezalaxe Salt Lake Cityko Euskal Etxeko sukaldari bolondresek prestatua, John Cendagorta eta musikari ere baden Jean (Maitia) Flesher-en ardurapean. Bazkari ona eta kopuruz eskuzabala. Arratsaldeko 6:30etan hasi biltzen publiko ez-euskalduna, aretoa bete arte. Triskalariek heien emanaldia egin eta egunaren hondarrean, kasik publiko euskalduna soilik geratzen zelarik, dantzaldia izan da, Jean Flesher-en banda jotzaile, musika eta aire euskal-amerikarrekin, mutxiko eta jauziak, fandango, balts, pasodobleak eta euskal rocka.