San Frantzisko, AEB. NABOk 'Omenaldi Berezia' egingo die bihar, Martxoak 12, Estatu Batuetako bertsolariei. San Frantziskoko Gure Euskal Etxean izango da, arratsaldeko lauetatik aurrera eta ohoratuak izango dira Kaliforniako Jesus Arriada, Gratien Alfaro eta Johnny Curutchet; Nevadako Jesus Goñi; eta Wyoming-eko Martin Goicoechea. Saioak azalpenak eta aldibereko itzulpena izango ditu ingelesera eta antolatzaileek ahalegin nabarmena egin dute omenaldi saioa benetan berezia eta adierazgarria izan dadin ororentzat.
Euskal Herriko gonbidatu moduan, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze, iritsi berri-berriak Kaliforniara. Gogoan hartu, Omenaldi hau, bertsolari hauekin, duela bi urte behar zuela izan, baina orduantxe lehertu zen pandemiak, bertsoaldia gertatu baino pare bat egun lehenago bortxatu zuela kantzelatzera, Euskal Herriko bertsolariak ia-ia hegazkinera igotzen ari zela.
Aurkezlea, orduan, Xabi Paya izango zuen. Eskarmentua badu aurretik ere ekitaldi elebidunetan, eta euskal kultura patxadaz aurkezten ingelesdunei. Aldibereko itzulpena egingo du ingelesera. Gogora dezagun, AEBan bertan, aurkezle ikusi genuela Washington hirian, 2016ko Smithonian Basque Folk Festival-eko aitzinsolasetan. Bertsolari gisa, bertsolaritza barnetik eta sakon ezagutzen du, eta oraingoan ekipo bateko kide arituko da saioaren barne muinetan. Inor ez ahaztea eta zuzen esatea espero dugu:
Aurkezle/antolatzaile ibiliko da Boisen bizi den Todor Azurtza, Diasporan eta internet tarteko bertsotan trebatzen ari den bertsozale eta bertsolaria, Diasporako euskalgintzan beharra dagoen lekuetan lan ederra egiten dakiena. San Frantzisko bertakoa, Franxoa Bidaurreta, berez Esnazu-Aldudekoa baina hiri kaliforniarra aspaldi etxe bilakatu zuena, eskarmentuduna gai-jartzaile gisa. Nevadatik, Renoko Unibertsitatean irakasle izatetik erretiratua, Joxe Mallea-Olaetxe bertaratuko da, urte askoan bertsolaritzaritzaren euskarri gai-jartzaile eta sustatzaile, modu berezian, baina ez bakarrik, Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean eta 'Shooting from the Lip: Bertsolariak Ipar Amerikan: Improvised Basque-Verse Singing' liburuaren egile.
Emanaldiaren ondotik aperitifa eta afaria egingo dira, zuzeneko musikaria Mercedes Mendive izango da, Nevadako Elkotik etorria. Merezimenduz, gogoangarria izango den NABO ekitaldia, Gure Euskal Etxea, San Frantziskoko Euskal Etxea, BEO, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kultur Erakundea laguntzaile.