euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOk gutuna luzatu dio Stanford-eko Unibertsitateari, Lehendakariarekiko abegikortasuna eskertzearren

2008/02/28

Mary Gaztambide, NABOko lehendakaria
Mary Gaztambide, NABOko lehendakaria

PUBLIZITATEA

NABOko presidentak, Mary Gaztambidek, gutuna idatzi dio Stanford Unibertsitateko buruari, Ibarretxe lehendakariari eginiko harrera ona eskertuz. Unibertsitateak Ibarretxeri mintzaldia emateko gonbitea egin zion eta duela bi aste lehendakaria bertan azaldu zuen bere proposamen politikoa. Mintzaldiaren aurkako kanpaina hasi zuen Kaliforniako espainiar nazioalista talde batek, baina unibertsitateak irmoki defendatu zuen Ibarretxek bere ideia politikoak azaltzeko adierazpen askatasun osoa zuela.
Mary Gaztambidek sinatzen du gutuna, NABOko lehendakari bezala --AEBetako euskal etxeak biltzen dituen erakundea da NABO-- eta John L. Hennessy, Stanford Unibertsitateko presidenteari zuzentzen dio. Gutunaren kopiak kaliforniar irakaskuntza zentroko Provost-ari eta Iberiar Ikasketetako zuzendariari, Joan Ramon Resinari, bidaltzen dizkio. Idatziak honakoa dio:

Hennessy lehendakari agurgarria,

NABOtik zorionak eman eta gure esker ona azaldu nahi dizkizugu bai zuri eta baita Stanford Unibertsitateko antolatzaileei ere Juan Jose Ibarretxe lehendakariari kanpusean mintzaldia ematerakoan harrera egiteagatik, eta bereziki hitzaldia eragotzi nahi izan duten protesten aurrean irmoki defendatzeagatik adierazpen askatasuna.

North American Basque Organizations, Inc. (NABO) 1973an sortutako euskal etxeen federakundea da eta bere helburua elkarte kideek euskal kultura eta nortasuna mantentzeko elkarri laguntzea da. Kultura minorizatu bateko kide bezala (euskaldunak Espainiako biztanleriaren %5a dira eta Estatu Batuetako biztanleriaren %0.02a) gutxitan izaten dugu maila honetako ekitaldietan parte hartzeko aukera eta horregatik aintzat hartzen dugu Ibarretxe jaunari 'euskal gatazka' delakoari buruzko bere proposamena aurkezteko aukera eman izana.

Euskaldunen ordezkari bezala Ibarretxe jaunak eta bere administrazioko beste kideak gurera etortzen dira guk hemen duguna lortu nahi dutelako: bakean bizitzeko aukera. Urte askotako gatazkaz gogaituta daude eta zinez desio dute orain arte lortu ezin izan duten arazoaren konponbidea. Baina amore eman ordez arazo horri behin-betiko irteera emateko proposamen batekin datoz. Hona etorri dira eta behar den beste edonora ere joango dira, proposamena azaltzeko abagadunea eskatuz. Milesker aukera hori emateagatik, batez ere gai honetan elkarrizketa irekia onartu nahi ez duten ahotsak azaleratu direnean.

Irtenbide baketsua posiblea dela sinestu nahi dugu, eta horretarako beharrezkoa da ideia desberdinak azaltzeko aukera emango duen foro bat izatea. Ibarretxe jaunari bere 'bake bidai-orria' azaltzeko parada emateagatik eskerrak eman nahi dizkizuegu, gatazka honi irtenbidea iraunkorra emateko ekarpena izango delakoan. Eskerrik asko ('Thank you').

Adeitasunez,

Mary Gaztambide
NABOko lehendakaria


Lotura interesgarriak

Ikurrina goratuz hasi zuen AEBetan bidaia Ibarretxek
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 14ean

Ibarretxek Stanforden aurkeztu zuen bere bake proposamena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia