euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOk eta FEVAk AEB eta Argentinako gazte eta dantzarien trukeak sustatuko dituzte, aurten hasita

2009/01/29

FEVA eta NABOko ordezkaritzak Mar del Platako bilkuran (argazkia Nabasque.org)
FEVA eta NABOko ordezkaritzak Mar del Platako bilkuran (argazkia Nabasque.org)

PUBLIZITATEA

Urtarrilaren 9tik 11ra bitartean Mar del Platan, Argentinan, egin zen Euskal Federazioen Nazioarteko I Topaketak NABO eta FEVAren arteko hainbat hitzarmen eta ekimen abian jartzea ekarri du. Ekimen berrien artean azpimarragarriak dira trukeak: aurten AEBetako gazteak Bahia Blancan egingo den Argentinako Euskal Astean izango dira, eta Argentinako haur eta irakasleek NABOren Udalekun parte hartuko dute (Kaliforniako Chino herrian).

Mar del Plata, Argentina. Topaketan parte hartu zutenak hauek izan ziren: NABOren aldetik Mary Gaztambide lehendakariak; John M. Ysursa sustatzaileak eta Izaskun Kortazar euskara arloko koordinatzaileak. FEVAren aldetik bertaratu ziren Felipe Eiheragibel lehendakaria; José Orbaiceta eta Mariano Ayesa lehendakariordeak, Marta Abarrategui idazkaria; Ricardo Basterra diruzaina; Mariluz Artetxe lehendakari ohia; Gabriela Mendia euskara koordinatzailea eta Miren Arozarena administrazio gerentea.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik Josu Legarreta Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariak hartu zuen parte eta baita Aholku Batzordeko kide den Carlos Sosak ere. Bilkuraren egoitza Mar del Plata zenez, bertako Denak Bat Euskal Etxeko zuzendaritza batzordea ere aritu zen, José Martín Azarloza lehendakaria buru.

Argentina-AEB trukeak

Hiru egunetako lana oso oparoa izan zen eta gai askotan erabakiak adostea lortu zuten ordezkaritzek. Hartutako erabaki guztiak  FEVA eta NABO-ren webguneetan irakur daitezke osotasunean. Azpimarragarrienetako bat bi erakundeek gazte arloan lortutako hitzarmenak izan ziren.

NABOk eta FEVAk dantzari eta txistulari gazteen trukeak egingo dituzte bi urtetan behin: AEBetako dantzariak Argentinako Euskal Astean izango dira eta Argentinako dantzariak Estatu Batuetako Euskal Astean. Horrezaz gain FEVAko hiru haurrek eta bi irakaslek aurtengo Udalekun parte hartuko dute, Kaliforniako Chinon. Era berean, FEVAk aurten Bahia Blancan egingo den Euskal Astera eta Llavallolgo Haur Topaketara biltzeko gonbidapena egin die NABOko gazte eta haurrei. 

2010an Boisen

Bilkuran jorratu zen beste gai garrantzitsu bat 'Euskal Erakundeen Elkartea' delakoaren sorrera izan zen. Nazioarte mailako euskal etxeen federazio bat litzateke eta FEVA eta NABO, elkartearen estatutuen zirriborroa prestatzen hasi dira. Datozen hilabeteetan munduko beste euskal elkarteei bidaliko diete, bakoitzak bere ekarpena egin dezala eskatuz, eta urrian Bahia Blancan egingo den sortze-batzarrean parte hartzeko gonbidapena luzatuko diete.

Era berean hurrengo bilkuraren data eta lekua ere erabaki zuten FEVAk eta NABOK: 2010ean Boisen (AEB). Euskal elkarte guztiek bertan parte hartzeko gonbidapen iraunkorra dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia