euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOk dantza zuzendarien topaketa egingo du Gardnervillen, Oier Araolaza dantzari eibartarrarekin

2011/03/22

NABOren Basque Dance Leaders' Summit topaketaren afitxa
NABOren Basque Dance Leaders' Summit topaketaren afitxa

PUBLIZITATEA

Oier Araolaza dantzariak, www.dantzan.com webgune ezagunaren zuzendariak, AEBetara bidaia egingo du martxoaren 30ean, NABOk Gardnervillen antolatu duen 'Basque Dance Leaders' Summit' topaketan parte hartzeko. Ipar Amerikako euskal dantza taldeetako zuzendarientzako pentsatutako jardunaldiak dira, esperientziak trukatu eta euren lanean sakontzen lagunduko dieten erizpideak emateko helburuarekin. "Diasporako dantzariak funtsezkoak dira eta euren nortasun propioa garatu behar dute", diosku Araolazak.

Donostia-San Sebastián. NABOk, Ipar Amerikako euskal etxeen elkarteak, dantza taldeen zuzendariak artatzeko topaketa bat antolatu du apirilaren 2an Gardnerville-n, Nevadan. Ez da izango, aurrekoetan bezala, tailer praktiko bat, baizik eta zuzendariei euren jardunean laguntzeko eta sakontzeko prestaturiko bi eguneko topaketa. Ikastaroa talde zuzendarientzako pentsatu dute antolatzaileek, izan eskarmentu handiko zuzendariak hala hasiberriak (edo taldea osatu nahi duen edonor).

Jardunaldiak Gardnervilleko Carson Valley Inn (1627 US Highway 395N) ostatuan egingo dituzte. Egitaraua ikusteko, jo NABOren webgunera. Partehartzaileen artean daude, besteak beste, honakoak: John Goyenetche (Bakersfield), Nick eta Izar Bicandi (Boise), John Ysursa (Chino), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos), Janet & Josette Iribarne eta Teresa Franzoia (Elko), Lisa Corcostegui (Reno), Cirbie Lee (Salt Lake City). Parte hartu nahi duenak izena eman dezake oraindik.

Erregelak hautsiko badituzu, ezagutu itzazu

Jardunaldien izenburua 'Erregelak' da eta Nick Bikandi dantzariak bikain laburbiltzen du topaketaren izpiritua esaldi bakarrean: 'Erregelak hausteko asmoa baduzu, ezagutu itzazu behintzat'. Topaketan parte hartzaileek esperientziak trukatu eta euren jardunari buruzko hausnarketak egin ahal izango dituzte, batetik, eta bestetik, John Ysursak (NABOren sustatzailea) eta Oier Arazolaza dantzariak zer pentsatu emango diete euren hitzaldi eta aurkezpenekin.

"Oinarrizko galdera zera da: zergatik egiten dugu euskal dantza? Gustukoa dugulako, egia da, baina helburua plazer hutsa balitz, badira beste aukera zabalduago batzuk", galdegiten du Oierrek. "Gure motibazioa argi edukitzeak lagundu egingo digu gure ahalegina fintzen".

Gu ere bagara

Araolazak Diasporako dantzarien garrantzia azpimarratu egiten du. Asko eta askorekin harremana du eibartarrak www.dantzan.com webgunearen bitartez, eta batzuk lagun minak ditu, 2002ko Gaztemundun dantza irakasle ari zela ezagutu zituenez geroztik. AEBetako dantzarien kasuan, gainera, hainbatek Euskal Herrira maiz etortzeko aukera dute eta hemen egiten denaren jakitun dira. "Joan den udan, adibidez, Lisa Corcosteguik gure taldearekin dantza egin zuen Eibarren, gonbidatu gisa. Aurtengo udaran Boiseko Oinkarikoak etorriko dira, Amuma Says No taldearekin... ", aipatzen du.

Araolazaren ustetan Diasporako taldeak "funtsezkoak" dira euskal dantzarentzat, eta "euren nortasun propioa" garatu behar dute. "Oso esanguratsua iruditu zitzaidan iragan irailean Boiseko Oinkarikoek Shanghaiko Expoan egin zuten emanaldia, Euskal Herriko dantzarien ordezkari. Beraiek errepresentazio hori hartu ahal izateak transmititzen duen mezua 'gu ere izan gaitezke' da, ez, gehiago, 'gu ere gara' transmitizen du".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia