euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOk Boiseko Miren (Rementeria) Artiach-i eta Renoko Janet (Carrica) Inda-ri eman die 2021 Bizi Emankorra saria

2021/03/22

Boiseko Miren (Rementeria) Artiach eta Renoko Janet (Carrica) Inda dira 2021eko NABO Bizi Emankorra sariak (milesker BBM&CC)
Boiseko Miren (Rementeria) Artiach eta Renoko Janet (Carrica) Inda dira 2021eko NABO Bizi Emankorra sariak (milesker BBM&CC)

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Euren hirietako euskal komunitateetan eta oro har AEBko euskal komunitatean pertsona ezagun, langile eta asko emandakoak dira eta horri loturik, izan ere, onartu berria du NABOk joan den larunbatean 2021eko Bizi Emankorra saria Boiseko Miren (Rementeria) Artiach-i eta Renoko Janet (Carrica) Inda-ri ematea. NABOren sorreran eta historian leku propioa daukaten bi emakume dira. Miren, izan ere, NABOko aurreneko idazkaria izan zen. Eta Janet, geroago, federazioko idazkari, diruzain, lehendakari eta lehendakariorde ere.

Miren Edurne (Rementeria) Artiach, Boisen jaio zen, gurasoak euskaldunak, eta euskara izan zuten hasieratik familian etxeko hizkuntza. Bere bizitza osoan euskarari, euskaldunei, euskal kulturari eta Boisen alor horietan sortu izan diren ekimen ia guztietako partaide izan da, Euskal Etxetik hasi, euskara klaseak, abesbatza, Music Camp (Udaleku), Museoa, Euskal Ikasketak, Euskal Herriarekiko elkartasun ekimenak, Oinkari eta etengabe egindako beste hamaika lan euskaltzale. Pete Cenarrusarekin luze bere bulegoburu izatean, euskaldunek beti zeukaten Idahoko Kapitolioan lagun eta kontaktu ezinhobea. Jose Mari Artiach muxikarrarekin ezkondu eta 2019an alargundua, familia euskalduna hazi zuten Boisen, Aitor eta Andoniren ama. Bizi emankorra sariaren izenak esangura osoa hartzen du Mirenekin. 2018an, Euzkaldunak-en "Legacy Award" jaso zuen.

Beste hiri, estatu eta testuinguru batean, azpimarragarria Janet Inda-ren ekarpena, Idahotik Nevadara mugituko gara. Janet (Carrica) Inda, aita Bankatik (Baxenabarre) etorritako artzaina zuen eta ama danimarkarra. Fallon-en (Nevadan) 1945an jaio, geroago Eurekan bizi, azkenean Renon finkatu zen. Michel (Mike) Inda aldudarrarekin ezkondu eta Miren Artiachen kasuan bezala, euskaltasuna bere ondoko belaunaldiei pasatua die, berean alaba Denise eta honen senar Paul-en bidez eta hauen alaba Maitane Mirenekin. Gaztaroa eta bera hazi zen familia eta arrantxu testuingurua Nevada-Reno Unibertsitateak 1982an egin zion elkarrizketa.honetan kontatzen du. Miren bezala, NABOko hastapenetan aitzindari izan zen, Music Camp (Udaleku) bezalako ekimenak bultzatuz. Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeko ordezkari gisa eta NABOn federazioko idazkari, diruzain eta lehendakari ere izanik.

San Frantziskotik, NABOko lehendakari Philippe Acheritogarayk bi izenok Bizi Emankorrerako proposatu eta euren aurkezpena egitea eskatu zien Boiseko eta Renoko bi ordezkariri eta hala eginik, aho batez onartu du NABOk 2021eko bi sariok Boiseko Miren (Rementeria) Artiach-i eta Renoko Janet (Carrica) Inda-ri ematea. Emate-ekitaldia noiz eta non egingo den ez da erabaki oraindik. Zorionak biei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia