Boise, Idaho, AEB. NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray-k Bizi Emankorra saria eskuratu zion joan den larunbatean Boisen Miren Artiach bertako ekile euskaldunari, eta Todor Azurtzak bertsotan lagundu eta azpimarratu zuen. Ekitaldia, hiriko euskal etxean egin zen, federazioko zuzendaritza eta delegatuak partaide, Euzkaldunak-en urteroko mortzilla afariarekin bat. Gogoratu, Bizi Emankorra NABOk ematen duen ohorerik handiena dela, bizitza oso batean euskaldunen, euskal kultura eta komunitatearen alde gailendu diren pertsonei emana.
Saria eman aurreko hitzetan, Philippe Acheritogaray-k, Boisen bertan jaiotako Miren (Rementeria) Artiach-en ibilbide oparoa nabarmendu zuen eta Bizi Emankorrari, 2021eko edizioan, dagokion plaka eskuratu zion euskaltzale ezagunari [gogoratu iazko edizioan Renoko Janet (Carrica) Inda ere ohoratu zutela sariarekin]. Ondoren, sarituak esker oneko hitz batzuk esan zituen. Eta biribiltzeko, bertsoak eskaini zizkion omenduari Todor Azurtzak. Ikus sekuentzia osoa honako bideoan:
Ekitaldia: Philippe Acheritogaray, Miren Artiach eta Todor Azurtza; mikroan laguntzen, Mike Franzoia
Hauek, Miren (Rementeria) Artiach-en hitzak plaka jaso ostean:
"Euskal Herrian 22 hilabetez preso politiko moduan egondako emakume baten alaba naiz; bera Boisera iritsi eta hamaika egunera jaio nintzen ni". Aita ere maitasunez gogoratu zuen: "Nire aita Bizkaiko herri txiki batekoa zen, Nabarniz-koa, eta beti esaten zidan nik hango loreak gogoratzen nizkiola". Eta hau baietsi nahi izan zien Mirenek bildutakoei: "Jakin ezazue zorte handia daukagula hemen hainbeste euskal jende izatearekin eta horrek gutako askori indarra eman digu".
Bere merituei buruz apal mintzatu zen: "Ni partaide izan naizen gauza horiek guztiak gustura egin ditut oso, eta beste batzuentzat ere onuragarriak izan badira, poz handia ematen dit". Azken gogoeta bat ere plazaratu zuen: "Pentsatu nahi dut aski su piztu ahal izan dugula gure belaunaldi gazteetan, eta segituko dituztela gure urratsak. Denboran zehar, ibilbide honetan, askok sakrifizio handiak egin dituzte guk geure nortasunari eutsi eta ohoratu dezagun nor garen".
Ekitaldia Todor Azurtzak bertatik bertara bota zituen esker oneko bertso hauekin bukatu zen:
Miren Artiach zurekin dugu
oso handia den zorra
Ameriketan egin ondoren
euskalgintzan lan gogorra
eskerrik asko mantentzeagatik
bizirik gure altxorra
merezimenduz jasoa duzu
NABOren Bizi Emankorra.
Euskara galtzen ari gara ta
sortzen zait niri ernegua
gure hizkuntza salba dezagun
hau da nire erregua
gure erronka da gazteek hartzea
Miren zure errelebua
luzaro bizi dadin asaben
ondare ta eredua.
Mila esker handi bat Mireni, Janeti bezala, eta Philippe, Todor eta NABOn hau posible egin duten guztiei, baita ere Homedale, Ontario eta Boiseko euskal etxeei eta euskal komunitatean laguntzaile eta sostengatzaile direnei.