Bakersfield, AEB. Duela astebete eskas iragarri zuten Boisen Jaialdi euskal-estatubatuar elkarretaratze erraldoiko antolatzaileek 2020tik 2021era pasatutako edizioa berriz ere atzeratu dutela 2022eko uztailera pasatuz, eskura dauden datuekin ezin dutelako batere segurtatu ekitaldia normaltasun eta segurantzia minimo batekin egin ahal izango dutenik. Nabo, Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioa da orain pareko erabakia hartu duena urteroko bere Udaleku programarekin.
Hemen ere, 2020ekoa bertan behera utzi behar izan zuten, Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile zuena, 2021era pasatuz, Bakersfield-eko Euskal Etxea antolatzaile. Baina aurtengo udan ere ez da aurreikusten baldintza egokiak emango direnik honelako ekimen bat garatu ahal izateko, bereziki pandemia egoera okerragotzen ari den Kalifornian, eta Bakersfieldeko Kern County Basque Club-ek, NABOrekin batera deliberatu dute aurtengoa ere bertan behera utzi eta 2022ko edizioari begira jartzea.
Kostatu zaie NABOri eta Bakersfieldeko euskal etxe antolatzailekoei erabakia hartzea, bigarren urtez segidan geratuko baitira Estatu Batuetako 10-15 urte arteko euskal haurrak euren euskal formakuntza eta hazkundean hain garrantzitsua den ekitaldi honetan oarte hartu gabe, baina galdetutako iturri guztien arabera neurri zentuzkoena dirudi, esperantzak aurten urte amaierarako erabateko emaitzak lortuko direlakoan pandemiaren aurkako borrokan eta normalkuntzarako bidean.