San Frantzisko, AEB. NABOk sare sozialen bidez zabaldu du hartu duen erabakia, larunbat honetan San Frantziskoko Gure Euskal Etxean AEBetako euskal bertsolariei egin behar zien Omenaldia bertan behera utziz, oraingoz ordezko datarik gabe. Erabakia derrigortua izan da, AEBetako eta Europa eta nazioarteko osasun alertagatik eta bereziki azken orduetan Tramp presidenteak aireportu estatubatuarrak Europatik etorritako hegaldi eta bisitariei ixteko jakinarazitako neurriek eraginda, gogoan izanik Omenaldiak Euskal Herritik etorritako bertsolari eta partaide gonbidatuak zeuzkala.
Gogoratu Ipar Amerikako Euskal Elkarteen Federazioa den NABO --North American Basque Organizations-- erakundeak 'Omenaldi Berezia' (sic) antolatu zuela larunbat honetan, martxoaren 14an, San Frantziskon, Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-eko instalazioetan, azken hamarkadetan AEBn bertsolaritzaren sua bizirik mantendu duten bertsolariei eskainia, langintza horretan gehien nabarmendu diren bost bertsolarietan pertsonifikatuta, hala nola San Frantziskoaldeko (Kalifornia) Gratien Alfaro, Jesus Arriada eta Johnny Curutchet, Rock Springseko (Wyoming) Martin Goicoechea eta Renoko (Nevada) Jesus Goñi.
Europatik gonbidatuta Euskal Herriko bi bertsolarik behar zuten parte hartu Omenaldian, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluzek. Europatik ere, Xabier Paia bertsolari eta adituak Europatik behar zuen etorri. Ekitaldian, San Frantziskoko Franxua Bidaurreta zeukan gai-jartzaile eta Renoko Joxe Mallek behar zuen bertsolaritzari buruzko aurkezpen orokor labur bat egin.
Musika arloan ekitaldiko ardura Elkoko (Nevada) Mercedes Mendive akordeoilariaren esku zegoen.