euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOk bere 2012ko Batzar Nagusia egingo du gaur Elkon, 49. Basque National Festival hasten dela

2012/07/06

NABOko lehendakari Valerie Arrechea (argazkia EuskalKultura.com)
NABOko lehendakari Valerie Arrechea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Sanferminen hasiera eguna gaur, baita Estatu Batuetan ere, Nevadako Elko herrian NABOk gaur egingo baitu bertan 2012ko bere Batzar Nagusia, non eta sanferminei loturiko tradizioa duen Elkon, egiazko zezenak --gazteak- dituen entzierro moduko ekitaldia baitaukate duela urte batzuetatik hemen tradizio, bestela ere aurten 49. ediziora iritsi den 'Basque National Festival' izena hartzen duen urteroko euskal-amerikar elkarretaratze honetan (ikus egitaraua). NABOk aipagai hartuko ditu, besteak beste, orain arte erakundeko 'sustatzaile' kargua libre geratzea, 2006an posizioa sortu zenetik John Ysursak bete ostean; iazko ekimen- eta ekonomi-balantzea; eta presidente kargua hautatzea; igandean NABOko 'Bizi Emankorra' saria Mary Gaztambide eta Anita Anacabe Franzoiari ematearekin batera. Elkon izango dira Lourdes Auzmendi Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; eta Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya.

Elko, Estatu Batuak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkari izango dira Elkon, batetik Lourdes Auzmendi sailburuordea, Nevadara NABO Batzarrean Estatu Batuetako eta Kanadako delegatuen aurrean Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika aurkeztera etorria, Kinku Zinkunegi HABEko 'Euskara Munduan' programako koordinatzailea lagun duela; ondoren asteburuan hemendik Mexiko Hirirako bidea hartzeko, DFn ere euskararen normalizazio prozesuaz mintatuz parte hartuko baitute bertako hizkuntzekiko Politika Linguistikoa aztertuko duen foro batean, Antropologia eta Historia Eskola Nazionalean, eta bilduko direlarik baita ere hiriburuko Euskal Etxeko, Mexikoko euskal gizataldeko eta Eusko Jaurlaritzaren bertako Bulegoko ordezkari eta kideekin.

Julian Celayaren partaidetza bertan, aldiz, ohikoagoa da, euskal etxeen alorraz duen arduragatik maiz bidaiatzen baita munduko euskaldunen bilera eta elkarretaratzeetara. Kasu honetan, bere bulegoko Andoni Martin teknikariarekin da Elkon, azaroan Donostian egin zen Mundu-Batzarretik hona gertatu direnak eta datorren urteari begirako planak ere mintzagai hartuko dituela bildutakoen aurrean zein banaka euskal elkarteetako ordezkariekin izango dituen bileretan. Igandean NABOk Mary Gaztambide eta Anita Anacabe Franzoiari egindako 'Bizi Emankorra' sari-emateraren ostean, eta 49. Basque National Festival amaituta, Mexikorako bidea hartuko du Celayak ere, bertan bilera sorta berri bati ekiteko.

Elkon dauden bitartean Jaurlaritzako bi kideak NABOren Batzar Nagusira deiturik dauden Estatu Batuetako eta Kanadako berrogei euskal etxeetatik gora euskal etxeen ordezkariekin solasteko eta euren arazo eta planteamentuan bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. San Frantziskoko Valerie Arrechea lehendakar¡ duen NABOk, iaz Wyoming-eko Buffalon eginiko 2011ko Batzar Nagusitik hona egindakoen balantzea egingo du, erakunde gisa eta baita atalka, bere barnean dauzkan gaikako Baztordeei ere dagokienez. Hauek dira Batzorde horiek:

-Euskara (Martin Goikoetxea, chairperson edo arduradun; Izaskun Kortazar, teknikari
-Bideoa (Jesus Pedroarena)
-Egutegia (Marylou Urrutia)
-Pilota (Evelyne Etcharren)
-Udaleku (Valerie Arrechea / Kate Camino)
-Beti Gazte (Kristiane Bizkarra)
-Musa (Pierre Etcharren / Gina Espinal)
-'Txerri-jana' (Gratien Etchebehere)
-Kantari Eguna (Noel Goyhenetche ),

eta bere jardunaren balantzea egingo du baita ere orain arte 'sustatzaile' (sic) izan den John Ysursak. Kontu ekonomikoak ere, Grace Mainvil diruzainak aurkeztuak, zehatz aipatu eta hala badagokio onartuko ditu Batzarrak.

Sustatzaile karguari dagokionez (elkarteko kudeatzaile edo koordinatzailea da, nolabait agertzearren, horretarako konpentsazio ekonomiko bat hartzen duela), behar da esan posizioa sortyu zenetik, 2006an, John Ysursak bete izan duela. Aurten egingon duen kontu-ematearen ondotik, beste norbaiten bila hasi beharko du NABOk, Ysursak lan berriak hartu baititu Boisen Boise State Universityko Historia irakasle eta bertako Basque Studies Program-eko partaide legez. Horrekin, lan handiko eta dedikazio nabariko sei urteko epe esanguratsu bat amaituko du NABOk, erraza izango ez delarik Ysursaren ezaugarriak dituen beste pertsona eskuzabal eta emankorra topatzea. Bai, seguru, bide horretan sartuko den gazteren bat, John Ysursa ere gazteagoa baitzen AEBetako euskalgintzan murgildu zenean eta egun, gaur bertan hain zuzen, urteak beteko baititu, berrogeita hamar urte, beti ere engaiamendu handiz kultura euskal-amerikarrarekin eta euskara eta euskal kultura orokorrarekin oro har. Zorionak lerro hauetatik, John, urtebetetzearengatik eta lan berriarengatik!

Hauteskunde atalean, ez da aldez aurretik aldaketarik espero NABOren batzordean. Bi dira hor hautetsi diren karguak: lehendakariarena eta diruzainarena. Gainerakoak batzar ondokoak dira edo, lehendakariordearena salbu, lehendakariorde izatera pasatzen baita aurreko lehendakari izan dena. Egun lehendakari den Valerie Arrechea (San Frantziskoko kaliforniarra) eta Grace Mainvil (Ontario-Weiser, Oregon-Idahokoa) berriz ere hautatuak izango direla aurreikusi daiteke, baina Batzarrak dauka beti hitza.

-NABOren webgunea: www.nabasque.org
-Batzarrean gaur aurkeztuko den NABOren 2011-2012ko kontu-ematea



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia