San Frantzisko, AEB. NABOk, Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak, Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Etxea onartu du elkarrteko kide berritzat. Onartzea joan den larunbatean eman zen NABOk telematikoki egin zuen bilkuraren baitan. Urte batzuk badira euskal elkarte saintpierreetamiquelondarra harremantzen hasi zela NABOrekin, izan ere bere kide bilakatzea gogoan, baina eskabide ofizialak bere erritmoa eraman du, Federazioaren 2021eko lehenengo bilera honetara ekarri eta onarpen ofiziala eman zaion arte.
Azken hamarkada honetan bereziki harremandu da AEBko ekialde kostaldeko euskal etxeekin, eta lankide izan ditu gehienbat kirol alorrean, Quebec, Florida (Miami) eta New Englandeko euskaldun eta euskal etxeen kasuan bereziki.
Gogora dezagun geografikoki Ipar Ameriketako parte izan arren, Ternuan kokatzen den uharte-multzo hau Frantziako parte dela. Historikoki euskaldunen oso presentzia goiztiarra izan zuen, izan ere euskal baleazale eta bakailaozaleak izan baitzituen bertaratu zitzaizkion lehenengo aitzindari eta bisitari europarrak.
Presentzia eta ekarpen horren adierazgarri, bertako banderak euskaldunen ikurrina dauka bere osagaietako bat.
Ezagunak dira baita ere St Pierreko euskal kantxa, herrriaren erdian, 1906an eraikia.
Eta bertako elkarteetan, aktiboa da oso Euskal Pilota Liga, 1986an sortua, eta aurretik, 1952an, sortutako Zazpiak Bat elkartea, lehenagoko euskal elkarteen ondorengo.
Gaur egun euskal elkarteek batera dihardute eta abuzturo ospe eta oihartzun handiz aire librekoa den bertako kantxan egiten diren euskal besten antolatzaile dira.
Euskal Etxea 2017ko ekainean onartu eta bildu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeen erregistro ofizialera.
Mexiko, AEB eta Kanada dira Ipar Amerika geografikoa osatzen duten hiru herrialde nagusiak eta, beraz, Mexikok ere izango luke NABOra biltzeko eskubidea, orain arte aktibatu ez duen arren.