euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOk kide bezala onartu du azken bilkuran Rhode Island Basque Club elkartea: Ongi etorri!

2011/02/22

Rhode Islandeko Euskal Etxeko kideek 2009an egin zuten piknik bateko irudia (argazkia RhodeIslandEE)
Rhode Islandeko Euskal Etxeko kideek 2009an egin zuten piknik bateko irudia (argazkia RhodeIslandEE)

PUBLIZITATEA

Joan den otsailaren 12an Salt Lake City-n egindako bilkuran, NABOk (Ipar Amerikako euskal erakundeen federazioak) elkarte berri bat onartu zuen bere kideen artera: 'Rhode Island Basque Club' euskal etxea. New Yorketik iparraldera dagoen estatua da Rhode Island eta 90. hamarkadaz geroztik bertako Newporteko frontoiaren inguruan biltzen ziren euskaldunek osatzen dute euskal etxea. 2011rako gauzatu nahi dituen ekimenak: Aberri Eguna eta beste jai batzuk ospatzea, euskara eta dantza ikastaroak antolatzea eta kultur ekitaldiak egitea.

Newport, AEB.  Rhode Island Basque Club elkartea, kide onartu du hil honetan NABOk, Ipar Ameriko euskal etxeen erakundeak. Aurrerapauso garrantzitsua da Rhode Islandeko euskal elkartearen ibilbidean. Euskal etxea 2003an sortu zen eta iaz irabazi-asmorik gabeko elkarte bezala izena erregistratu zen. Roberto Guerenabarrena markinarra elkarteko kidea da eta bere sorreraren berri ematen digu: "Elkartea Athletic zale talde bezala hasi zen 90. hamarkadan, baina Errealeko eta Osasunako zaleak ere bazeuden tartean. Afariak egiten genituen, eta piknikak eta paelladak familia eta lagunekin".

Elkartearen topagunea Newporteko jai-alai frontoi zaharra zen. "Newporteko frontoia irekita zegoenean ez genuen klubaren beharrik, denak elkar ezagutzen genuelako eta beti elkarrekin geundelako. Gainera, sarri joaten ginen Euskal Herrira eta bertan gertatzen zenarekin konektatuta jarraitzen genuen", gogora ekartzen du Robertok. "2003an, frontoia itxi zenean, pilotari gehienek alde egin zuten eta batzuk hemen gelditu ginen familia genuelako, erretiroa hartua genuelako edo beste zerbaitetan lanean ari ginelako. Gelditu ginenak hilean behin biltzen hasi ginen kontaktua mantentzeko, eta horrela hasi zen kluba".

Pilotari ohiak eta profesional gazteak

Egun elkarteko kideak hilean behin biltzen dira eta urtean hainbat hitzordu klasiko dituzte, hala nola Gabonetako jaia edo abuztuan egiten duten piknika. Elkarteak 54 bazkide ditu, eta "ez dira denak pilotariak", aipatzen du Guerenabarrenak. "Estatu honetara lana dela eta etorri diren profesional gazte batzuk ere badira". Datozen hilabeteetan bazkide kopuruak gora egitea espero dute, eta estatuko hirugarren eta laugarren belaunaldiko euskaldunei euskal etxearekin bat egiteko gonbitea luzatu nahi diete.

Euskal etxearen helburua zera da, "gure kultura eta ohiturak ohoratzea eta ospatzea, baina batez ere geurea gordetzea hemen Rhode Island-en", dio Robertok. Elkartearen hurrengo asmoen artean, Aberri Eguna ospatzea eta euskara eta dantza ikastaroak antolatzea. "54 bazkide horien artean 14k euskaraz egiten dute eta badira beste bost dagoeneko euskara ikasten ari direnak", aipatzen du Guerenabarrenak. Horrez gain, elkarteak hitzaldiak eta euskal zinema ziklo bat ere antolatu nahi ditu. Euren proiektu nagusietako bat egoitza finkoa lortzea da, bertan jarduera guzti hauek burutu ahal izateko.

Momentuz, Rhode Island Basque Club sarean da jada, webgune  honetan eta Facebook-en.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia