euskal diaspora eta kultura
2010/08/10
PUBLIZITATEA
Boise, Estatu Batuak. Euskal Herritik heldutako gonbidatu instituzionalak bileraren hasiera partera geratu ziren bakarrik. Bertakoak agurtu, opari-trukea egin eta esker oneko hitzak esanik, Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Idahoko eta AEBetako euskaldunekin azken egunotan sinatutako tratuak eta elkarren lagungarri bideratutako neurri eta emaitzak aipatu zituzten, Euskal Herriko euskaldunen ordezkari fin izaten jarrai dezateneko eskea luzatuz.
NABOko parte diren euskal elkarteen aldetik partaidetza azpimarragarria gertu zela behar da esan, bertan baitzeuden esaterako, urrunago egoteagatik beti present ez dauden euskal etxe batzuetako ordezkariak. Bileraren buruan, lau bandera zeuden, esan nahi baita, ikurriña, Estatu Batuetako, Kanadako eta Mexikoko banderak, hauek baitira NABOk, Ipar Ameriketako erakunde gisa, bere baitan hartzen dituen lurraldeak. NABOko kide izateko eskubidea badu ere, Mexikoko Euskal Etxeak ez du erabaki oraindik bazkide egitea; hala ere, Mexiko Hiritik propio etorria, bertan zegoen hiriburu mexikarreko Euskal Etxeko lehendakaria, Miguel Larregui, arbaso baztandarrekoa berau. Gaur egungo kideetatik, guztiak ditu estatubatuarrak NABOk, Kanadako bi euskal etxeak salbu, Vancouverreko Zazpiak Bat, eta Montrealgo 'Quebec-eko Euskaldunak'.
New Mexikoko Euskal Etxea, NABOko kide berri
Biltzarrak onetsitako beste hainbat punturen artean, 'New Mexico Euskal Etxea' (hala deitzen dute normalean, ingelesez, New Mexikoko Euskal Etxea) NABOko kide berri gisa integratzea deliberatu zuten bildutakoek, aho batez. NMEEko ordezkari, bertan zen Blas Uberuaga, NMEEko kide sortzaileetakoa, eta hemendik kanpoko euskaldunen artean askok Buber izenez ere ezagutuko dutena, bera izan baitzen Buber webgunea, interneten euskaldunez aitzindari izan zen orrialdea sortu eta gidatu zuen pertsona, 1990. hamarkadan.
Blasek --bera ere AEBetan artzain hasi ziren euskaldunen semea-- artzain-iraganaren garrantzia aipatu zuen AEBetako euskal komunitatearentzat, baina aldarrikatu zuen horrekin batera, badela --bere estatuan bezala-- haren aurreko euskal iraganik Ipar Ameriketan, konkistatzaileen garaikoa, garai kolonialean euskaldunak ere aritu baitziren, eta kasu batzuetan gogor aritu ere, gaur egun Estatu Batuetako parte diren lurretan, hala nola New Mexikon. Euskal ondare ere baden hori, ikertu, ezagutu eta zabaltzearen garrantzia aipatu zuen NABOko kide den 42. euskal elkarte aktiboko lehendakariorde den Blas Pedro UbeRuagak (zekitenek, zorion bikoitzak ere eman zizkioten Blasi, duela hilanbete batzuk alaba izan baitute berak eta bere emazte Lisa Van der Graaf-ek, Rose tipia, hiruak NMEEko kide direla).
-New Mexikoko Euskal Etxearen webgunea: http://buber.net/NMEE
-NABOren webgunea: www.nabasque.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus