euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABO eta Mendiko Euskaldun Clubaren deia euskal kantari, bertsolari eta zaleei abuztuaren 12an Gardnervillera biltzeko

2023/07/18

NABO Kantari Egunean parte hartzera animatzen dute. Ezkerrean, Mattin Etxamendi Kantari Eguneko aurkezle lanetan. Eskuineko irudian, San Frantziskoko Maurice Negueloua eta alaba Danielle elkarrekin kantuz euskaraz Gardnervillen
NABO Kantari Egunean parte hartzera animatzen dute. Ezkerrean, Mattin Etxamendi Kantari Eguneko aurkezle lanetan. Eskuineko irudian, San Frantziskoko Maurice Negueloua eta alaba Danielle elkarrekin kantuz euskaraz Gardnervillen

PUBLIZITATEA

Minden-Gardnerville, Nevada, AEB. NABO Ipar Amerikako euskal elkarteen federazioak eta Gardnervilleko 'Mendiko Euskaldun Cluba' euskal etxeak deia egin diete Estatu Batuetako —baina besoak zabalik hartuko dira baita ere Europako edo Diaspora osoko partaideak— , kantari, bertsolari eta kantu eta bertso zaleei abuztuaren 12an Minden eta Gardnervillen egingo duten 'NABO Euskal Kantari Eguna' eta bertako euskal etxearen 42. Urteroko Euskal Bestan parte hartzera.

Deiak barne hartzen ditu oholtza gainean kantuz edo bertsotan aritu nahi duten lagunak, eta baita entzuteko eta hala dagokionean txalotzeko prest dauden zaleak ere. Egunak izaera herritar eta herrikoia dauka eta, beraz, ez dago zertan ikaragarrizko artista izan beharrik, baina bai euskal kantu eta bertsoaren zale eta maitalea, eta maitasun edo zaletasun hori bertaratuko diren gainerako lagunekin partekatzeko prest egon.

Programa, berez, abuztuaren 12an, larunbata, garatuko da Mindeneko erabilera anitzeko aretoan, bezperan dena den, jendea biltzen hasiko dela, JT euskal ostatuaren inguruan, bertan afalduz (erreserbak oso garaiz egitea komeni izaten da) eta ondoren euskal dantzen emanaldia eta segidan berbena edo erromeria euskal amerikarrari bidea emanez, biharamunean Euskal Festako eta Kantari Eguneko programa ofizialari ekiteko. Hona programa:

Abuztuaren 12a, larunbata
NABO Kantari Eguna & 42. Urteroko Euskal Besta

- 10:30etan Meza (mass) euskaraz eta ingelesez aita Antton Egigurenek emana & klika & bertsolariak
- Segidan NABOren Bizi Emankorra Saria bertako ANITA (Zubillaga) IZOCOri emango zaio
- Ondoren gaztetxoentzako Flash Mus Txapelketa
- 13:00etan, bazkaria - Barbakoa, ardikia, oilaskoa, bildoski egosia, babarrunak, entsalada, gazta, izozkia (30 dolar nagusiek, 15 12 urtez azpiko haurrek)
- 15:00etan, Mendiko Euskaldun Club-eko dantzarien dantzak
- Segidan, Euskal Kantari Eguna
- 18:00etan, nahi dutenek txorizo erre sandwitxak
- 20:00etan, dantzaldi herrikoia, musikariak: Jean Pierre & Manuela Etchechury & Jean Flesher
- 23:30etan Baratxuri Salda (garlic soup)

Izena eman edo kontsultetarako: idatzi mendikoclub@outlook.com-era edo deitu/idatzi +1 775 722 1445 zenbakira



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia