Gardnerville, Nevada, AEB. Datorren larunbatean, agorrilaren 12an, eginen da Nevadako Gardnervillen bertako Mendiko Euskaldun Clubaren piknik besta eta 2023 Euskal Kantari Eguna. Aurten, berezia izango da, egun berean eta mezaren ondotik (ikus beherago programa) NABOren 2023ko Bizi Emankorra Saria emango baitzaio Anita (Zubillaga) Izocori. Nork ez du ezagutzen Anita Zubillaga Gardnervillen eta Kalifornia eta Nevada inguruko euskal bazterretan? Merezimendu osoz, NABOko presidente Jean Flesherrek eskuratuko dio.
Guraso euskaldunen alaba Ameriketan euskaldun sortua, Anita euskaldunez eta euskal bizitzaz inguratua bizi izan da haurra zenetik. Gardnervilleko Mendiko Euskaldun Clubaren sortzaile izan zen 1981ean eta euskal etxe hau ezin da ulertu bera, bere familia eta bere lana gabe. Bertan posizio guztietan egin du lan, lehendakari, lehendakariorde, batzordekide edo NABO delegatu, eta ororen buru langile bolondres saiatu eta engaiatua izan baita beti. EEaren dantza taldean ere lan frango egindakoa da, dantza irakasle eta antolatzaile. Carson Valleyko euskal familien historia biltzen eta libururatzen lankide —From the Basque Country to the Sheep Camps of the Carson Valley titulupean—, eta baita Carson Valleyko Museoko euskaldunen erakusketa muntatzen ere. Eta NABO Euskal Kantari Eguna Gardnervillen 1990an urtero antolatzen hasteari eta egun ere bertan bi urtean behin antolatzen segitzeari lotu zitzaion.
Datorren larunbatean, Minden-Gardnervillera etortzeko, Piknika eta Euskal Kantari Eguna arrazoi aski ez baziren, NABO Bizi Emankorra Anitari emateak ez du zalantzarik uzten, lagun eta adiskideak ondoan txalotzen, behar baititu errekonozimendua eta maitasuna nagusi direla hain berezia izango duen egun honetan. Zorionak, Anita!
Abuztuaren 12a, larunbata
PROGRAMA
- 10:30etan Meza (mass) euskaraz eta ingelesez aita Antton Egigurenek emana & klika & bertsolariak
Segidan NABO Bizi Emankorra Saria bertako ANITA (Zubillaga) IZOCOri emango zaio
Ondoren gaztetxoentzako Flash Mus Txapelketa
- 13:00etan, bazkaria - Barbakoa, ardikia, oilaskoa, bildoski egosia, babarrunak, entsalada, gazta, izozkia eta ardoa (30 dolar nagusiek, 15 12 urtez azpiko haurrek)
- 15:00etan, Mendiko Euskaldun Club-eko dantzarien dantzak
- Segidan, Euskal Kantari Eguna
- 18:00etan, nahi dutenek txorizo erre sandwitxak
- 20:00etan, dantzaldi herrikoia, musikariak: Jean Pierre & Manuela Etchechury & Jean Flesher
- 23:30etan Baratxuri Salda (garlic soup)
Izena emateko Kantari Egunean edo kontsultetarako: idatzi mendikoclub@outlook.com-era edo deitu/idatzi +1 775 722 1445 zenbakira