euskal diaspora eta kultura
2009/07/24
PUBLIZITATEA
Reno, Nevada, AEB. Eguna goizeko zortzietan hasiko da, Biltzar Nagusia egingo baitu ordu horretatik aurrera eta goiz osoan NABO Estatu Batuetako euskal erakundeen federazioak. Bilkura, gero arratsaldeko lauetan ofizialki inauguratuko den UNR-ko Mathewson-IGT Knowledge Center delako eraikinean izango da.
Beste hainbat gonbidaturen artean, Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berriak hartuko du parte ekitaldian, Patxi Lopez lehendakariaren izenean.
Reno, Euskal Diasporaren hiriburu
Gaurtik aurrera eta hiru egunez Euskal Diasporaren hiriburu bilakatuko da Reno, ordezkaritza ofizialez aparte, Estatu Batuetako agintariez eta unibertsitate munduko ordezkariez gain, Estatu Batu osoko hainbat euskal jende etorriko baita, eta horiekin batera hamaika dantza talde, euskal kirolari, kantariak, musikariak, eta abar. Euskal Herriko gonbidatuen artean ere, etorri dira musikariak, artistak eta baita ere, lehenengo aldiz --eta hauek ere euren jardunaren 25. urteurrena ospatzen ari direla-- Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak. Ikusgarria iragartzen da partaide guztiekin larunbat goizean Renoko kaleetan egingo den euskal Kabalkada tradizionala, Nafarroa Behereko Arnegiko modura.
Ostiralarekin segituz, ordea, Guillermo Zubiaga, aspaldidanik New Yorken bizi eta bertatik lan egiten duen komikilariak bere lanen aurkezpen bat egingo du arratsaldeko hiruretan. besteak beste, Joanes bere komiki-lan berria aurkeztuko du, Diasporako lehenengo komiki argitaratua liteikena.
Zenbat Gararen urteurreneko emanaldi berezia
Renon bertan, Unibertsitateko ikasleen artean duela 20 urte sortu zen Zenbat Garak emanaldi berezi-berezia prestatu du arratsaldeko zazpiuetatik aurrera eta hamaikak arte UNR-ko McKinley Arts and Culture Center delakoan. Parte hartuko dute, besteak beste, gonbidatu gisa Juan Antonio Urbeltz-ek, eta Marian Arregi eta Mikel Urbeltzek.
Larunbat eta igandez, Renoko Zazpiak Bat Euskal Elkartearen 43. piknikaren txanda izango da, Reno erdiguneko Wingfield Park-en. Eguna, aipatu Kabalkadarekin hasiko da, asteburu luze guztian arituko diren partaideekin --ordezkari, musikari, jole, pailazo, artista...-- eta Estatu Batuetako hainbat euskal etxeetatik etorritako dantza taldeen partaidetza bereziarekin, Arnegi herri baxenafartarrean egiten den ildoko ikuskizuna eman nahirik. Goizeko hamarretatik hasita.
Jaia Winfield Park-en eta Omenaldia John Ascuagaren Nugget-en
Egunean zehar, musika, dantzak, emanaldiak eta gainerako festa girokoak lagun, azoka moduko bat, stand batzuekin, eta lehiaketak eta programan xehetuago agertzen diren ekitaldiak izango dira Wingfield Park-en. Honi deitzen zaio hemen Euskal Piknika. Bizkar hezurmuineko emaileak lortzeko stand bat ere ezarriko du Kaliforniako eta bertako euskaldun talde batek.
Larunbat gauez, Afari-Omenaldi berezia gauzatuko da, kasu honetan Sparks-eko John Ascuaga's Nugget kasinoan, Zazpiak Bat Euskal Etxean lanean aritu izan diren emakume guztien alde. Gizonek lan egin badute, emakumeak ez baitira atzean geratu, eta gehienetan gogorren arituz eta isilpean. Ohoratuko dira baita ere 1959eko Basque Western Festival hartan antolatzaile batzordeko kide izan eta bizirik gelditzen diren John Ascuaga, Carl Herrera eta John Laxalt. Euskal Herritik etorritako Zpeiz Mukaki Iparraldeko taldea arituko da ondotik.
-Irakur asteburu osoko programa Zazpiak Bat-en webgunean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus