euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABO bilkura asteburu honetan San Frantziskoko BCCen, elkartearen 28. urteak ospatzearekin batera

2010/02/12

San Frantziskoko BCCko otsaileko urtebetetze festaren aurreko edizio bat: pilotalekua bazkari herrikoiaren orduan (argazkia EuskalKultura.com)
San Frantziskoko BCCko otsaileko urtebetetze festaren aurreko edizio bat: pilotalekua bazkari herrikoiaren orduan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gaurtik aurrera eta asteburu luze osoan --astelehena jai da AEBetan-- San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek (BCC) bere 28. urtebetetzea ospatuko du, zenbait ekitaldirekin. Horien barnean, NABOk bere neguko bilera egingo du bihar euskal etxean bertan eta gaur arratsaldez hasiko dira, bestetik, pilota protagonista berezi izango duten asteburuko ospakizunak, honetarako Euskal Herritik propio etorritako pilotari ordezkaritza bat medio, Euskadiko txapeldunak barne. Horrekin batera, programak 'kantu afari' bat, zenbait barbakoa eta otordu herrikoi, musika euskalamerikarreko dantzaldiak Ketxo talde baxenafartarra tarteko, eta klikaren, bertsolarien, dantzarien eta etxeko abesbatzaren emanaldiak ere baitaratuko ditu.

South San Frantzisko, Estatu Batuak. Saioak gaur arratsaldez hasiko dira South San Frantziskoko Basque Cultural Center euskal etxeko frontoian, pala motzeko partidekin (16:00etan), AEBetako eta Euskadiko selekzioen arteko larru palako norgehiagoka bat (17:00etan) eta ondoren, gauez, 'Kantu afari' batekin, bertan ugari diren kantuzaleak, kantariak, bertsolariak eta bertsozaleak partaide.

Larunbat goizean NABOk bere neguko bilera egingo du, nazio osotik espero diren euskal etxeetako ordezkariak partzuer. Bazkaldu ondoren pilota partidei eutsiko zaie eta lauetan Euskadiko eta bertako pilotariak larru pilota sailean arituko dira elkarren kontra. Ordubete berantago 2009ko Euskadiko txapeldunak arituko dira (sarrerak 10 dolar, 18 urtez azpikokoek kitorik). Eguna behiki barbakoa batekin amaituko da, zazpietatik aurrera (sarrera helduek 25 dolar, haurrek 7), guztia burutzeko dantzaldi batekin, Euskal Herritik ekarritako Ketxo talde baxenabartar ezaguna musikari.

Euskal meza eta Bizi Emankorra Sariak

Igande goizean ekitaldiak euskarazko mezarekin hasiko dira, hamarretarik goiti, Mixel Lastiri apez kaliforniarrak emanik. Partaide, Elgarrekin korala, San Frantziskoko Klika, bertako Zazpiak Bat dantzari taldea eta baita Gazteak taldea ere. Horiekin batera bertsolariak.

Mezu bukatutakoan, Bizi Emankorra sarien emate ekitaldia egingo da --bizi osoa Ameriketan euskal kulturaren edo euskaldunen alde lan egindakoei ematen zaie--, aurtengoan saria Alphonse Acheritogaray eta Roger Minhondo-ri egokitu zaielarik. Ordu batean bazkaria, barbakoa, ardikiez (helduek 25 dolar, haurrek 7).

Pilota asteburu osoko protagonista

Igande arratsaldez, berriz, pilotari amerikarrek eta Euskaditik etorritakoek elkarren arteko lehia egingo dute eta lauetan esku huskako partida handia egingo dute, Euskadiko txepaldunak partaide (sarrera helduek 10 dolar, 18 urte azpikoek libro).

Euskaditik etorritako pilota ordezkaritzako partaide dira: Tony Huarte (Kalifornian sortua), Jurgi Larrañaga, Aitor Mendizabal, Anartz Ajuriagogeaskoa; Unai Martin prestatzailea eta Xabier Errasti Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakaria buru; hauekin batera Larru palan jokatzeko etorriak Josetxo Huarte eta Mikel Cabodevilla nafarrak.

18 urteko harremana

Aurten 18 urte bete direlarik Euskadiko Federaziotik San Frantziskora urtero data hauetan pilotariak bidaltzen hasi zirenetik, Federazio horretako koordinatzaile orokor Kepa Arroitajauregik honako hitzak helarazi dizkio EuskalKultura.com-i. Hona:

1992an ireki zituen Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Kaliforniako ateak. Lehen esperientzia hartan Urionaguena, Carrete, Fernandez eta Elkoro izan ziren lehen aldiz otsaileko bigarren asteburu guztietan Basque Cultural Center Euskal Etxeak antolatzen duen euskal jaian parte hartu zutenak. Ordutik hona, hainbat pilotari euskaldun izan da San Frantziskon bertoko eta inguruetako euskaldunentzako hain preziatua eta maitatua den kirola jarduna eskaintzen.

Aurten Mendizabal, Larrañaga, Ajuria eta T. Huarte dira hautatuak. Azken hau bertan jaio eta ‘amerikarrek’ hala eskatuta izan da hautatua. Beren gidari Unai Martin joan da nahiz eta asteburuan, festen mami garaiean, bertan izango den Xabier Errasti presidentea ere.

Larunbatean eta igandean partidak jokatuko dituzte pilotariek baina artean izango dute San Frantzisko bezalako hiri bikainaz gozatzeko aukera ere. Joan den asteazkenean Bilbotik irten eta Frankfurt-etik barrena euskal ordutegiko 2:00etan zapaldu dute Kalifornia euskal ordezkariek. Bueltan izango dira astea han igaro ostean.  



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia