euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musikastek omenaldia egin nahi izan dio Aita Madinari bere mendeurrenean Saski-Naski ikuskizunarekin

2007/05/15

Atzo Musikasten Aita Madineran omenez eskainitako kontzertuearen irudia
Atzo Musikasten Aita Madineran omenez eskainitako kontzertuearen irudia

PUBLIZITATEA

Errenteriako Musikaste 2007k Rodrigo Alonso de Santiago, Francisco de Madina, Hilarión Eslava, Urbán de Vargas eta Carmelo Bernaola musikagileen lanak berreskuratuko ditu. Francisco de Madina, Aita Madina, euskal Diasporako musikagile ezagunenetakoa da eta bere lanetariko asko Argentina eta AEBetan egindakoak dira. Atzo bertan Errenteriako Musika Asteak bere jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen, Madinak bultzatutako Buenos Aireseko Saski Naski dantza taldearen musika tarteko.
Musikastek, Errenteriako Musika Asteak, ohorezko tokia emango dio aurten Francisco Madina, Aita Madina musikariari, bere jaiotzaren mendeurrenean. Astean zehar egingo diren kontzertu eta emanaldietan Aita Madinaren lanak entzun ahal izango dira. Atzo bertan, Errenteriako Kultur Etxean 'Saski Naskiren oihartzunak' kontzertua dastatu ahal izan zen, Aristizabal eta Barandiaran bikotearen eskutik. Saski Naski eta Aita Madinaren biografia Euskal diasporaren historiarekin lotuta daude, batez ere Argentinari dagokionez.

Argentinan, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean hain zuzen ere, sortu zuen Aita Madinak Saski Naski dantza taldea, Luis Mujika donostiarraren laguntzaz. Talde honek Argentinako eta garaiko euskal dantza munduan aurrerapauso itzela ekarri zuen. Ekimenak, Donostian 1928an sortu zen lehen Saski Naski haren izpiritua jasotzen zuen eta baita guda zela eta Pariseko exilioan egin zen Eresoinkarena ere. Parisera babes bila joan ziren askok geroago Argentinara bidaia egin eta Buenos Airesen berriz elkartu zirenean Saski Naski berriari eman zioten sorrera. Luis Mujika zen taldearen taula zuzendaria eta Aita Madinak musika arloan laguntza ematen zuen.

Arrakasta handia 1946ko Buenos Airesen

'Luis Mujikaren familiak bere artxiboak Eresbili eman zizkion, bere izena duen saila sortzeko', azaldu dio Jon Bagues Euskal Musika Artxiboko zuzendariak gure buletinari. 'Artxibo horri esker ikuskizunean erabili ziren irudiak eta material grafikoa bildu eta kontzertuan erabili ditugu'. Ikuskizuna 1946ko abuztuan estreinatu zen Buenos Airesen eta arrakasta handia izan zuen. Kultur talde hau bultzatu zuten dantzarien artean Nestor Basterretxea eskultorea ere ikus daiteke Eresbileko artxiboan gordetzen diren argazkietan. [Ezkerreko irudian Saski Naski taldearen ikuskizunetako material grafikoa (argazkia Eresbil)]

Lehendabiziko urteetan arrakasta handia izan bai, baina beranduago taldea desegiten hasi zen. Osatzen zuten ehun dantzarietako asko exiliatuak ziren eta batzuk etxera bueltatu edo beste herrialde batzuetara joan ziren. Azkenean 1957an desegin zen Saski Naski, baina euskal kulturaren historiarako utzi zuen Luis Mujikak eta Aita Madinak Buenos Airesen egindako lan eskergaren testigantza. Agustino oñatiarra New York aldera joan zen gero eta bere lan ezagunenetako asko sortu zituen bertan. Musikastek bere figurari omenaldia ari zaio egiten aste honetan, berari eta baita Diasporan euskal kulturaren alde lana egin duten euskaldunei ere.


Lotura interesgarriak

Musikaste 2007ko egitarau osoa
www.musikaste.com

Eresbil, Euskal Musikaren Artxibo Nazionala
www.eresbil.com

EOSek Aita Madinaren lanak biltzen dituen diskoa argitaratu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko azaroaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia