euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musikarien Bigarren FEVA Topaketa Cosquinen: 2024ko Euskal Aste Nazionaleko emanaldien "soinu banda" gozatzen

2024/10/07

Euskal musikarien lehenengo FEVA topaketako partaideak Mar del Platako Dantzari Ohien Jaian 2024ko ekainaren 22an
Euskal musikarien lehenengo FEVA topaketako partaideak Mar del Platako Dantzari Ohien Jaian 2024ko ekainaren 22an

PUBLIZITATEA

Córdoba, Argentina. Ekainean Mar del Platan bildu ostean, datorren asteburuan elkartuko dira berriz ere Euskal Aste Nazionalean aktiboki parte behar duten euskal etxeetako musikariak. Topaketa Cordobako Cosquín hirian egingo da, aurrekoa bezala, bigarren hau ere FEVA antolatzaile, eta kasu honetan Cordobako Gerora Kultur Elkartea koordinatzaile. Partaideek azaroaren 15etik 17ra Bahía Blancan joko duten errepertorioa landuko dute. Iragarri dutenez, itxiera gisa, kontzertu bat eskainiko du hiriko kultur gune batean.

Prestatzeko elkarretaratze hau datozen ostiral-larunbatean, urriaren 11 eta 12an egingo da, eta helburuetako bat Euskal Astean zuzeneko musika izango duten une guztietako errepertorioa fintzea da, esaterako antzokiko gaualdi artistikoan, erromerietan eta plazako dantzetan. Larunbatean, gaueko 20etan, emanaldia eskainiko dute itxiera gisa, Alma Encantada Antzokian. Errepertorioa txarangarena izango da, musika tresna guztiak partaide. Oholtzan talde batzuen presentzia ere espero da, hala nola, Maipúko Bihotzetik taldea edo bertako Gerorako Lurra eta Haizea.

Urtez urte gero eta musikari gehiago 

“Iaz Cosquínen egindako topaketan txaranga bat osatzeko aukera sortu zen, eta euskal instrumentu tradizionalak jotzen ez dituzten musikariei ere sarrera ematea, tronpeta, saxoa, gitarra eta bestelako perkusioei adibidez. Ahots bakarlariak ere sartu ditugu, urtetik urte hazten ari den gure konpartsari baliabide gehiago eskaintzeko, gero eta musikari gehiago bilduz», azaldu dio EuskalKultura.eus-i Gerora elkarteko erreferente Fernando Zabalzak. "Horregatik, deialdia bada euskal instrumentu tradizionalak jotzen dituztenentzat, hala nola txistua, silbotea, xirula, akordeoia, trikitixa, atabala, txalaparta, alboka, panderoa-eta jotzen dituztenentzat, baina baita brontzezko instrumentuak eta oro har, txaranga edo banda perkusioko musikarientzat ere".

Hogei bat musikarik hartuko dute parte topaketan, honako euskal etxeetako ordezkari: Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat, Buenos Airesko Laurak Bat, La Platako Euzko Etxea, Macachingo Euzko Alkartasuna, Maipuko Anaitasuna, Mar del Platako Denak Bat, Necocheako Euzko Etxea, San Nicolaseko Euzkal Etxea, Tandilgo Gure Etxea, Villa Mariako Euzko Etxea, eta Cordoba bertako Gerora Elkartea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia