euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musikari euskal argentinarrek egindako Josu Elberdinen “Magnificat”, bideo formatuan plazaratua

2015/11/11

"Magnificant" emanaldia Cordobako Jesuiten Elizan
"Magnificant" emanaldia Cordobako Jesuiten Elizan

PUBLIZITATEA

Euskal musika tresnak oinarri, eta orkestrek eta umeen abesbatzek lagunduta “Magnificat” obraren hiru emanaldi eskaini zituzten Noe Fernandez, Gaspar Jaurena, Alex Garate eta Agustin Alonso musikariek Mendozan, Tucuman eta Cordoban, tokian tokiko koruak lagun. Orain, lana zabaldu eta beste hainbat lekutan aurkezteko asmoz obraren difusio bideo bat prestatu dute.

Cordoba, Argentina. 2012an aurkeztu zen lehen aldiz Argentinan –eta Ameriketan– Josu Elberdin musikagile pasaitarraren Magnificat lana. Kontzertua Mendozan izan zen, bertako jardunbide handiko Silvana eta Lucia Vallesi abesbatza zuzendariek antolaturik, Mendoza probintziako Orkestra Filarmonikoaren Gabonetako emanaldian.

Magnificat-en lehenengo aurkezpen honetan, Argentinan oso gutxitan entzuten diren euskal musika tresnak entzun ahal izan ziren. Izan ere, Vallesi ahizpek gonbidaturik, Orkestra eta umeen koruarekin batera, Alex Garate (akordeoia) eta Baietz taldeko Gaspar Jaurena (alboka) eta Noe Fernandez eta Agustin Alonso (txalaparta) ere izan ziren kontzertuko protagonista.

Esperientziak bultzaturik, behin ez, beste bitan eman zuten musikariek,Tucumanen (2014an) eta Cordoban (2015ean). Cordobako emanaldiari dagokionez, Cordobako Jesuiten Elizan egin zen. Kontzertu honetan orkestrarik gabe jo zuten musikariek baina hiru korurekin: Mendozako Los Olivos eta Portezuelo eskoletako eta Cordobako Umeen Abesbatzarekin.

Lanaren erregistro bat

Mendozan Silvana eta Lucia Vallesik sortutako ekimena oso arrakastatsua suertatu zen eta, zalantzarik gabe, euskal konpositore baten lana –eta alboka, txalaparta eta eskusoinua– entzuteko aukera paregabea bihurtu zen Magnificat. Hori dela eta, eta ikuskizunaren erregistro bat izateko, bideo bat egiten ari dira musikariak. “Filmatu dugun kontzertua azkena da, Cordoban egin genuena. Edizioa lana bukatuta, asmoa azaroan prest edukitzea da. Bestalde, oso baliagarria izango da guk egindako lana ezagutarazteko, oolita izango litzateke Magnificat beste hainbat tokitara eramatea”, adierazi diote musikariek EuskalKultura.com-i.

Gogora dezagun Josu Elberdin-en lana abesbatza eta orkestrarentzat eta trikitixa, alboka eta txalapartarentzat sortua dela. Zazpi zatitan dago banatuta eta eliz musika eta euskal folklorea batzen ditu. Argentinan egin diren aurkezpenen moduko ikuskizunak antolatzeko, Gaspar Jaurenarekin jarri behar da kontaktuan. Cordoban grabatutako bideoaren aurrerapen bat, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia