euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musika, zinea, akelarrea eta Korrika, Txileko Santiagoko Euzko Etxea egiten ari den 2007ko Euskal Astean

2007/11/08

2005eko Korrikan parte hartu zuten lagunak Txileko Euskadiko Ordezkaritzaren parean
2005eko Korrikan parte hartu zuten lagunak Txileko Euskadiko Ordezkaritzaren parean

PUBLIZITATEA

Santiagoko Euzko Etxea bestan eta jai giroan murgildu da egunotan, 2007ko Txileko Euskal Astearen karietara. Jaia asteartean hasi eta igandea bitartean luzatuko da. Egitarauan gustu eta kolore guztietako ekitaldiak prestatu dituzte: zinea, kirola, musa, gazteentzako 'akelarre' bat eta Korrika edo Euskararen Jaia. Azken hau bi urtetan behin AEK-k Euskal Herrian antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren txiletar bertsioa izango da eta euskaldunak ttipi-ttapa eramango ditu Santiagoko kaleetan zehar, aurreko edizioko arrakastatsua errepikatu nahian.
Santiagoko Euzko Etxea 2007ko Euskal Astea egiten ari da egunotan. Asteartean hasi ziren ekitaldiak, Montxo Armendarizen 'Obaba' filmaren emanaldiarekin. Atzo mus eta pilota txapelketak jarri zituzten abian eta gaur bertan jokatuko da mus txapelketaren finala. Pilotari dagokionez, Euzko Etxea-ko trinketean finalaurrenak jokatuko dituzte gaur arratsaldeko zazpietan.

Bihar 'Vascos en Chile' izenburua duen mintzaldia eskainiko du Euzko Etxean Miguel Laborde kazetari eta ikerlariak. Labordek Los Vascos en Chile 1520-2005 eta Mi hermano Koldo liburuak izango ditu hizpide. Bestalde, Jon Erdoziak, Euskadiko ordezkariak, Primera Delegación de Euzkadi en Chile (1942-1980) liburua aurkeztuko du. Ondoren ohorezko ardo bat zerbitzatuko da bertaratu diren lagunentzako.

Akelarrea, gazteen besta

Larunbatean giroa gori-gori jarriko da gazteen jaiarekin. 'Akelarre' izena eman diote topaketari eta Euzko Etxea-ren frontoian egingo da, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Bertaratzen direnentzako musika, kultur jarduerak, folklorea eta gazteei zuzendurik hamaika kontu prestatu dituzte antolatzaileek, Euzko Etxeko gazteek.

Igandea izango de Euskal Astearen azken eguna eta ekimen berezi bat prestatua dute horretarako. Korrika bi urtetan behin AEK-k, Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzerako Koordinakundeak, antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa da. Aurtengo edizioa joan den martxoan egin zuten eta Euskal Herriko bazterrak eta Diasporako zenbait euskal etxe bisitatu zituen lasterketak. Santiagoko euskal etxeak orain dela bi urte egin zuen lehen aldiz lasterketaren bertsio txiletarra, eta ekitaldi bizi eta arrakastatsua izan zen. Aurten ere egiteko gogoa zuten, baina ezin martxoan bertan egin eta orain arte atzeratu egin behar izan dute.

Santiagoko kaleetan korrika

Atzerapenez, beraz, baina hasierako gogo eta ilusio berarekin, Euzko Etxeak igandean egingo du bere Korrika propioa. Lasterketa Euskadiko Ordezkaritzatik irtengo da eta Santiagoko kaleetan barrena ibili ondoren Euzko Etxean bukatuko da. Jaiaren helburua 'Txileko euskaldunen artean euskararen erabilera bultzatzea' eta 'Santiagoko hiritarrei euskara ezagutaraztea' izango da.

Eguerdiko hamabietan pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte Euzko Etxea-ko trinketean. Jaiari bukaera emango zaio Santiagoko Unibertsitate Katolikoan egingo den kontzertuarekin. Enrike Zelaia soinujole nafarra izango da kontzertuaren protagonista eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetako kantuak joko ditu, Euzko Etxea-ko koruak eta dantza taldeak lagundurik.


Lotura interesgarriak

Txileko Euskal Astearen egitarau osoa
www.euzkoetxeachile.cl webgunean

Valparaisoko Eusko Etxea
www.euskoetxea.cl

Ibarretxe lehendakaria Txileko euskaldunekin
EuskalKultura.com-en argitartua 2007ko urriaren 11an

Jon Erdozia Txileko ordezkariarekin elkarrizketa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia