euskal diaspora eta kultura
2013/12/26
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeak abenduaren 15an bukatu zituen Euskararen Egunaren harira antolatutako ekitaldiak eta pozik agertu dira antolatzaileak, jarduerek izan duten harrera ona dela eta. Euskal etxeak EuskalKultura.com-i aditzera eman dionez, ekitaldiak azaroaren 27an hasi ziren, Potsdamen, Fritz Teppich Euskal Etxearen sortzaile izandakoak urteetan zehar bildu zituen euskal kartelen bilduma aurkeztu zenean.
Abenduaren 7an Napoka Iria eta Gariren kontzertuarekin Clash aretoa euskaldun eta alemaniar rock-zaleez bete zen. Napokako Ander eta Mirenek hasitako kontzertua Garik bukatu zuen bere bakarkako ibilbidean paratutako kantuak zein Hertzainak taldearekin sortuak abestuz. Garik berak esan zuen berezia zela kontzertu hura, 29 urte lehenago Hertzainak eta Ruper Ordorikak areto berdinean jo baizuten.
Abenduaren 13an Inigo Astiz eta Mikel Ayerbek "Hondakindegia" poesia antzerkia eta ikusentzunezkoak biltzen zituen emanaldia eskaini zuten. Astizen "Baita hondakinak ere" poema liburuan oinarritua, ikuskizunaz euskaraz eta alemanez disfrutatzeko aukera izan zuten berlindarrek.
Abenduaren 14an, Inaki Salvadorrek "In Memoriam Mikel Laboa" kontzertua eman zuen Wedding auzoko Piano Salon Christophorin aretoan. Ordu ta erdiz luzatu zen kontzertua eta bertaratu ziren ehundik gora ikusleek ordu txikietara arte luzatu zuten gaua.
Igandean 15ean, Angel Erro poetak "Miss Pelotaris Favoritoak" poesia-errezitaldia eman zuen Neukölln auzoko On Egin tabernan. "Ikus-entzunezkoekin lagundurik kirola, kirolariak eta poesia batzen zituen irakurketa queer-a eskaini zigun poeta nafarrak", azaldu du elkarteko presidente Ainhoa Añorga donostiarrak. "Ondoren, Kepa Bordes argazkilariak bere "Nire Bazterrak" argazki erakusketa aurkeztu zuen".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus