euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musika, giro alaia eta euskal janaria Utah-ko Euskal Etxearen 2013ko Udako Piknikean

2013/06/26

Utah'ko Triskalariak taldeko kide batzuk, euskal etxearen udako piknikean dantzan (argazkia UtahEE)
Utah'ko Triskalariak taldeko kide batzuk, euskal etxearen udako piknikean dantzan (argazkia UtahEE)

PUBLIZITATEA

Utah Basque Club elkarteak iragan ekainaren 23an ospatu zuen bere urteroko Udako Piknika, aire zabalean egin zen bazkari eta ekitaldiekin. Topaketan parte hartu zutenen artean Utah'ko Triskalariak taldeko dantzariak izan ziren. Taldea New Yorkera bidaia antolatzen ari da eta horretarako dirua biltzeko kanpaina abiatu du. Berriki euren euskal dantza errepertorio zabala erakusteko aukera izan zuten Salt Lake City-ko "Living Traditions" kultur jaialdian.

Salt Lake City, AEB. Utah-ko Euskal Etxearen Udako Piknika iragan ekainaren 23an egin zen eta haren berri izan zuten munduko euskaldunek, zuzenean, elkarteko Twitter kontuaren bitartez. Euskal etxeak eguneko argazkiak eta bideoak argitaratu zituen sare sozialean, festan izan zen giro ederraren berri emanez. Jaia goizean hasi zen, meza batekin, eta ondoren dantza emanaldia eskaini zuten Utah'ko Triskalariak taldekoek. Jarraian urteroko bazkaria, txikientzako jokoak eta, orohar, giro bikaina egun osoan zehar. 

Utah'ko Triskalariak dantza taldeak emanaldia dirua biltzeko baliatu zuen; izan ere, taldea New Yorkera bidaia ari da prestatzen eta laguntza behar du hara joan ahal izateko. Hori dela eta, euren aldeko zozketa egin zen jaian eta irabazleak --Twitter bidez jakin genuen-- Doug, Mary eta Jon izan ziren. Zorionak eurei eta animo Triskalariei; Sagar Handian ikusi nahi zaituztegu aurki!

Utah Basque Club Summer Picnic 2013

[Umore ona eta barre asko Utah'ko Euskal Etxearen Summer Picnic-ean aritu ziren musikarien artean (argazkia UtahEE)]

Living Traditions

Utah'ko Triskalariak taldearen azken emanaldietako bat Salt Lake City hiriko Living Traditions kultur jaialdian izan zen, maiatzaren 17tik 19ra. Topaketa honetan Utahko herrialde desberdinetako ondorengoek kultur erakustaldiak ematen dituzte eta euskal etxeak aspaldidanik parte hartzen du bertan. Dantzarien emanaldiaz gain, euskal etxeak gastronomia postu bat jarri zuen eta, urtero legez, arrakasta handia izan zuten bertan prestaturiko mokautxoek, Guerricabeitiatarren zuzendaritzapean.

Utah Living Traditions 2013

[Utah'ko Triskalariak Living Traditions jaialdiaren taulagainean erakustaldia eskaintzen (argazkia UtahEE)]

Utah Living Traditions 2013 2

[Euskal Etxeko bazkide asko aritu ziren lanean euskal etxeak Living Traditions jaialdian jarri zuten postuan (argazkia UtahEE)]

Utah Basque Club elkarteari buruzko informazio gehiago webgune honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia