euskal diaspora eta kultura
2011/03/09
PUBLIZITATEA
Liginaga-Astüe, Xiberoa. Joan den larunbatean Liginaga-Astüeko Leon Sallaber aretoan aspaldi Argentinara joandako euskaldunek gurasoei idatziriko kezka, istorio eta itxaropenek entzuleak lortu zituzten berriz ere, Hebentik eta Txinka elkarte xiberotarrek antolatu zuten gaualdian. Mixel Etxekopar, Jean-Christian Galtxetaburu eta Cécile Tison artistek 'Euskaldunen Argentina' erakusketako gutun eta dokumentuak izan zituzten oinarri eta musika eta poesiarekin uztartuz irakurri zituzten, euskaraz eta frantsesez. "Oihartzun berezia izan zuten gutunekin batera irakurri genituen Sarrionandia, Etxahun Barkoxe eta Etxekopar Attuliren poemek", azaldu dio Euskalkultura.com-i Mixel Etxekoparrek.
Gaualdian, Sü Azia elkarteko kideek 'Aita artzain zen', Robert Laxalt euskal amerikarraren 'Sweet Promised Land' liburu ezagunaren bertsio xiberotarrari buruz mintzatu behar zuten baina azkenean ezin izan zen elkarteko ordezkaririk etorri eta Etxekoparrek egin zuen aurkezpen txiki moduko bat. Liburu honetan Laxalt-ek Ameriketara artzain joan zen Dominique aitaren istorioa kontatzen du, hil aurretik Euskal Herria berriz ere ikusi nahi duen emigrantearen istorio gazi-gozo eta ederra. Liginagakoa zen Dominique eta herritarrek biziki gustura entzun zuten haren berri.
Eskolako haurren inkesta
Ekitaldiko beste une aipagarrienetako bat herriko eskolako haurrek eginiko inkestaren emaitzen berri eman zutenekoa izan zen. "Herriko eskolan 8-10 adineko haurrei euren familian Ameriketara joandako emigranterik ba ote zegoen galdetzeko eskatu nien. Denek esan zidaten ezetz, ez zutela pentsatzen, ezetz eta ezetz, eta hara!, askok etxean galdetu eta baiezkoarekin etorri ziren", azaltzen du Etxekoparrek.
Ekitaldiaren oinarri izan ziren dokumentuak sarean ikus daitezke, EKE elkartearen webguneko Euskaldunen Argentina erakusketaren atalean.
-Hebentik elkartearen webgunea, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus