euskal diaspora eta kultura
2009/11/27
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Abendu hastapenean gaude eta abenduarekin batera urtearen ebaluazioa egiteko garaia heldu da. Buenos Airesko Eusko Kultur Etxea–Eusketxeri dagokionez, 2009ko balantzea oso ona izan da, azaldu diote bertatik EuskalKultura.com-i. Azken bolada honetan, erakunde euskal-argentinarrak antolatutako ekintzak ugaldu egin dira eta Mexiko kaleko bere egoitzako argiak berandu arte egon ohi dira piztuta, "mugimendu handiaren adierazgarri", esan dute.
Joan den azaroaren 18an, hain zuzen ere, Tomas N. Hudsonek idatzitako Mariano Necochea, Coraje indomable izeneko liburua aurkeztu zen etxeko areto nagusian. Aitor Alavak eta bere Ekin Dantza Taldeak eman zioten hasiera aurkezpenari 'Aurreskua' dantzatuz. Ohorezko dantzaren ondoren, Euskaltzaleak-eko Abesbatzak Euskal Herriko kanta tradizional batzuk egin zituen, besteak beste, Agur Jaunak, Atzo Ttun-Ttun, Euskera Gure Euskera eta Itxasoan.
[Ekin Dantzari Taldeak Aurresku dantzatu zuen liburuaren aurkezpenean]
Ondoren, musikak historiari utzi zion lekua ekitaldian, eta Juan José Guarestik (biloba) hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. Euskal Ikasketen Ikastetxe Amerikarreko lehendakariordea eta Eusketxeko kide den honek gogora ekarri zituen Argentinako independentziaren alde borrokatu ziren hainbat gizonen eta arbasoentzako omenaldia dela jai berezi hau adierazi zuen. Ondoren, Tomas Hudson, argazki batzuez baliatuz, Mariano de Necochearen bizitzaz mintzatu zen, askorentzako ezezagunak diren xehetasun ugari garatuz.
Afari jendetsu batekin bukatu zen jaia. Euskaltzaleak-eko kideek prestatutako babarrunak eta tripakiak dastatu ahal izan zituzten bertaratu zirenek.
Sukaldaritza zikloa eta Euskal Herritik etorritako gonbidatuak
Bien bitartean, eta Iñaki Salaberri sukaldari arabarraren ardurapean, Euskal Herriko janari tipikoari buruzko ziklo bat gauzatzen ari da Eusketxen. Lehenengo topaketan, Salaberrik irakatsi zuen menua arroz perretxiko eta oilaskoarekin izan zen. Bigarren topaketan, berriz, legatza saltsa berdean izan zen sukaldari gasteiztarrak aurkeztu zuen espezialitatea. Ziklo honetara joaten diren lagun batzuk Euskaltzaleak-eko ikasleak direla kontuan izanda, Xalaberryk gaztelaniaz nahiz euskaraz eman zituen azalpenak. Bigarren saio honetan musikaz ere gozatu ahal izan ziren gonbidatuak. Izan ere gau hartan, Xabaltx musikari lapurtarrak lagunarteko kontzertua eman zuen Mexikoko etxean.
[Iñaki Xalaberry sukaldaria Eusketxek antolatutako Sukaldaritza-zikloan]
Beste alde batetik, Euskal Herriko gaurkotasuna beti izan da Eusketxeren kezka; hori dela eta, bere egoitzaren ateak irekita egoten dira gaur egungo egoerari buruz hitz egitera etortzen direnentzat. EuskalKultura.com-en argitarau legez, Katalin Madariaga Ezker Abertzaleko ordezkariak hitzaldi bat eman zuen azaroaren 4an. Joan den azaroaren 24an, berriz, Joseba Sorozabalek, Egunkaria egunkariko langile baten aitak salatu zuen Eusketxek eta Euskatzaleak-ek antolatutako hitzaldian Egunkaria-ko langileei pairatzen ari zaizkien epaiketak.
Olentzeroren eguna eta bonu zozketa
Baina urtea oraindik ez da amaitu eta Eusketxeko lagunek berriro elkartzeko aukera izango dute abenduaren 19an. Olentzeroren egunean, urte amaierako brindisa egiteaz gain, Euskal Herrira joateko bi hegazkin-txartelen irabazlea nor den jakingo dugu. Zorte ona izan dezatela parte hartu duten guztiek!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus